ARGAZKIA / Manu Akerbeltz
Nadia Perez
2025/04/06

70eko hamarkadak zein “iraultza kultural” deitutakoak arau sexual tradizionalekiko kritika ekarri zuten berekin: moral bikoitza zalantzan jarri zuen, sexualitatea ugalketatik bereizi, plazer eta abortu eskubidea aldarrikatu eta agerian jarri ziren sexualitatearen eta biolentziaren arteko harremana. Eraldaketa horiek, “pertsonala politikoa da” bezalako kontsignetan irudikatuta, onargarria zenaren mugak zabaldu eta sexualitatearekiko jarrera irekiagoa sustatu zituzten, batez ere emakumeentzat eta homosexualentzat. Haatik, desiraturiko askatasun sexualak ez zuen geure gorputzekiko autonomia handiagorik ekarri. Merkatuak eskakizun horiek xurgatu zituen, eta produktu berri bihurtu zuen sexualitatea, emakumearen gorputza esplotatuz eta objektu bilakatuz: emakumeak, “ama” izatetik “objektu sexual” izatera igaro ziren.

(...) desiraturiko askatasun sexualak ez zuen geure gorputzekiko autonomia handiagorik ekarri. Merkatuak eskakizun horiek xurgatu zituen, eta produktu berri bihurtu zuen sexualitatea, emakumearen gorputza esplotatuz eta objektu bilakatuz

Hobsbawmek adierazi zuen iraultza kultural horrek norbanakoak gizartearen gainetik zuen arrakasta irudikatu zuela, zeinetan balio tradizionalen gaitzespenak ez zuen bilatu antolakuntza sozialerako molde berririk, baizik eta norbanakoaren desioaren autonomia mugagabea. Horrek ideia batzuk ekarri ditu berarekin: “erabakitzen baduzu, ez dago arazorik” edo “diruaren truke egiten baduzu, ahaldundu egiten zaitu”. Ordea, emakumeon sexualizazioak eta komertzializazioak genero desparekotasunaren oinarri izaten jarraitzen du, baita berdintasun formalaren aroan ere.

Horren aurrean, ultraeskuineko puritanismo erreakzionarioa arau kontserbadoreak inposatzen saiatu da, tradwife fenomenoa adibidez. Bi jarrerak elkarren kontrakoak izanagatik ere, emakumea deshumanizatzen dute, eta bigarren mailako subjektu gisa betikotzen dute.

Norberaren gorputzaren gainean erabakitzeko eta sexualitatea askatasunez bizitzeko, beharrezkoa da errentagarritasun ekonomikoa oinarri duen eta gorputzak zein sexualitatea merkantilizatzen dituen ordena sozial honekin amaitzea. Horrek geure gorputzen gaineko autonomiaren alde borrokatzera derrigortzen gaitu –abortua defendatuz, eraso sexualak borrokatuz–, baina, aldi berean, baita borroka hori indibidualtasun burgesa kuestionatzen duen eta aldaketa sozialerantz zein emantzipaziorantz doan proiektu politiko batekin uztartzera ere.

OSZAR »