Sexualizazioak hainbat eremu zeharkatu ditu. Hain zuzen ere, tradizio handikoenez –prostituzioa eta pornografia– harago joan da, eta entretenimendu eta komunikazio arloetara hedatu da. Emakumearen irudikapen sexualizatua sektore horietan errentagarritasuna eta arrakasta lortzeko funtsezko elementu gisa finkatu da. Horrela, emakumearen gorputza desiraturiko ondasun bihurtu da, eta haren sexualizazioa oinarrizko salmenta-estrategia izatera pasa da.
Erreportaje honen helburua sexualizazioaren industria deitzen denaren neurria aztertzen saiatzea da, eta, horretarako, agerian jarriko ditugu industria horri eusten dion negozioaren bolumena eta hari etekina ateratzen dioten eragileak.
SEXUALIZAZIOAREN INDUSTRIAREN GARAPENA KAPITALISMOAN
Kapitalismoaren garapenak areagotu egin du emakumeen sexu-balioa. Kapitalak bere beharraren arabera moldatzen ditu prostituzioa eta pornografia, eta emakumearen sexualitatearen merkantilizazioan etekin ekonomiko handiak lortzeko merkatu-nitxo berri bat ikusi du. Horrela, sexu-industria globala ari da eratzen, zeinaren hazkundea bizkortu egin zen 70eko eta 80ko hamarkadetatik aurrera, teknologia berrien bidez, eta berrikiago, sare sozialen gorakadaren ondorioz.
Azken horiek, zabalpenerako gaitasun handia eta sarbide erraza dutenez Interneten bidez, modernizatu egin dute sexualitatearen salmenta, eta beste esparru ekonomiko batzuetara hedatu, nahiz eta esparru horien funtzioak sexu-jarduerarekin zuzeneko loturarik ez duen. Izan ere, entretenimenduaren sektorea (zinema, musika, bideo-jokoak etab.) eta komunikazioarena (online plataformak) sexualizazioaren industriaren parte izatera igaro dira, eta hura sendotzen laguntzen dute.
Gizarte kapitalista berregituratzen ari den garai betean, sexualizazioaren merkatuak rol garrantzitsua jokatzen du metatze-ziklo berriak eragitean, eta hiru premisatan egituratuta dago. Lehenengoa politika kapitalisten maila globaleko hedapena da, zeinak sektorea konfiguratzea bultzatzen duten. Bigarrena egiturazko pobrezia da, zeinak mundu osoko ehunka mila emakume proletariori eragiten dien eta industria horretan sartzera behartzen dituen biziraun ahal izateko. Hirugarrena da gizarteak normalizatzea emakumea plazer-objektua dela. Pixkanaka-pixkanaka indartu den ideia horrek emakumearen aurkako indarkeria iraunarazi du, eta haren deshumanizazioa indartu du.
Sexualizazioaren merkatuak gaur egun duen tamaina eta balioa elite ekonomikoen bultzadaren eta agintean dagoen klase politikoaren babesaren ondorio dira, haiek baitira emakumearen sexualitatearen merkantilizazioa sustatu dutenak, ekartzen dituen interesengatik: izan sortzen dituen milioi askoko etekinengatik, izan ekonomia nazionalen berrosaketan betetzen duten paperagatik.
Sexu-industriaren sustapenean interes ekonomikoak eta politikoak nola uztartzen diren ulertzeko adibide argi bat prostituzioa da. Pobrezia-tasa handiko zenbait herrialdetan, emakume eta neskatila langileen sexu-esplotazioa balio-kate globalean sartzeko estrategia bihurtu da. Nazioarteko finantza-erakundeek, besteak beste Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF), aisialdi- eta entretenimendu-industriak garatzeko exijitzen diete zorpetutako herrialdeei, zorrak kitatzeko bide gisa. Gauzak horrela, prostituzioa gero eta truke-txanpon garrantzitsuagoa da lurralde periferikoak ekonomia kapitalistara txertatzeko, hainbesteraino, non, adibidez, Thailandiako agintariak argi eta garbi adierazi baitute saihetsezina dela “emakume belaunaldi bat galtzea” ekonomia dinamizatzeko.
Modu horretan elite ekonomikoek eta politikoek ehunka mila emakume bideratu dituzte sexu-industriara, eta, horretarako, zirkuitu batzuk sortu dituzte emakume horiek bi norabidetan lekualdatzeko: euren jatorrizko herrialdetik ongizate maila handiagoko beste herrialde batzuetara eta landa-eremutik hiri handietara. Estatuek bultzatu egiten dituzte migrazio-fluxu horiek, eta askotan pertsonen salerosketa-sareek esku hartzen dute zirkuitu horietan. Polizien, politikarien eta administrazioen inplikazioa begi bistakoa da prostituzio eta pornografia kasuetan.
Langabezia-tasa handiak, pobreziak, Estatuaren baliabideen murrizketak edota gerrak emakume asko erabateko prekarietate-egoeran uzten ditu. Lan merkatutik gero eta emakume langile gehiago kanporatzen diren testuinguru honetan, prostituzioa, pornografia eta antzeko sektoreak bizirauteko aukera bakar gisa agertzen dira debaluatutako sektoreetan ere –hala nola zainketen kate globalean– sartzea lortzen ez duten emakumeentzat.
Sexualizazioaren industriaren nazioarteko hedapenean beste mugarri garrantzitsu bat 70eko eta 80ko hamarkadetan sexu-iraultzan gertatu ziren aldaketa sozialak eta kulturalak izan ziren. Askatasun indibidualen aldarrikapenaren pean, sexualitateak zentraltasun handia hartu zuen bai mugimendu sozialetan, bai ezkerretik etorritako politika instituzionaletan. Sexualitatearen inguruko balioak eta arauak eraldatzen hasi ziren, eta ezbaian jarri zen sexu-portaerari buruzko garai hartako ordena tradizionala; horrela, dibortzioa legeztatu zen, eskuragarri jarri ziren antisorgailuak eta abortua, onarpen handiagoa lortu zuen homosexualitateak… Baina gizarte kapitalistak era adimentsuan bereganatu zuen aldaketa horiek guztiek eragindako egoera berria, eta aldaketa bakoitza bere interes ekonomikoetara birmoldatu zuen, sexu-askapenerako giro erreala sortu beharrean.
Horrek guztiak zuzeneko eragina izan zuen masen psikologian; izan ere, normalizatu zuen norberaren sexu-adierazpenaren forma ahalduntzailea eta transgresorea dela emakumearen sexualizazioa. Ondorioz, handitu egin zen emakumearen sexualitatea salduz etekinak ateratzen dituzten sektoreen onarpen soziala; adibidez, erresistentzia handirik gabe zabaldu zen pornografia. Normalizazio-prozesu horretan, teknologia berrien eta Interneten garapena erabakigarria izan da sexu-edukiak masiboki hedatzeko, eskuragarri egiteko, eta bestela hurbilduko ez ziren gero eta emakume eta gazte gehiago industria horretara biltzeko.
Era horretan, negozio-arlo berriak gehitzen zaizkio emakumearen sexualizazioaren merkantilizazioari, korporazio handien irabaziak maximizatzeko helburuarekin.
Sexualizazioaren merkatuak gaur egun duen tamaina eta balioa elite ekonomikoen bultzadaren eta agintean dagoen klase politikoaren babesaren ondorio dira
INDUSTRIAREN DIBERTSIFIKAZIOA ARLO BERRIETA
Jarraian, atariko analisi bat egingo dugu sexu-edukia bultzatu duten eta emakumearen irudia objektu sexual gisa indartu duten sektoreen alderdi orokorrei buruz. Bereziki, web orrietan, sare sozialetan eta zineman jarriko dugu fokua.
Negozio-arlo berriak gehitzen zaizkio emakumearen sexualizazioaren merkantilizazioari, korporazio handien irabaziak maximizatzeko helburuarekin
Porno orriak: sektoreko erraldoia
Pornografia-industriaren arrakastaren oinarria da mugarik gabe merkaturatzen duela izaera sexuala duen ikusizko ia edozein material. Ez dago mugarik: grabatutako bortxaketak, adimen artifizialak sortutako irudiak, sexting-trukeetatik lapurtutakoak edota sexu-esplotazio egoerak erakusten dituztenak.
The New York Times egunkariak 2020an argitaraturiko ikerketa batek jakinarazi zuen adin txikikoei egindako bortxaketen eta haur-pornografiako eszenen bideoak aurkitu zituztela Pornhub webgunean –sektoreko atari liderra eta Alo enpresaren jabetzakoa, lehen MindGeek izenez ezagutzen zena–.
Dena den, ikusizko materialak ez dira orri horiek finantzatzeko iturri bakarrak. Halaber, izugarri handitzen dituzte haien etekinak publizitate-iragarkiek –batez ere prostituzioa sustatzen dutenek–, kontsumitzaileen datuen salmentak eta online orrietako harpidetzek edota bazkidetzek. Sektorearen iluntasuna dela-eta zaila bada ere etekinen zenbatekoa zehaztea, duela gutxiko ikerketa batzuen arabera, web-orri pornografikoen urteko diru-sarrerak 15 mila milioi dolarretik gorakoak dira.
Web-orri pornografikoek nazioarteko negozio erraldoi bat osatzen dute, eta haren enpresa-sarea egunero hamarnaka milioi erabiltzaile eta bisita dituzten webguneak gidatzen dituzten konpainia handiek gidatzen dute. Mundu mailako webgune pornografiko ezagunenen adibide hauek argigarriak dira negozioaren garrantzia azaltzeko: Pornhubek batez beste 928 milioi bisita izan zituen 2024an hilero, eta Xvideosek, aldiz, hilean 613 milioi bisita –azken horren jabea WGCZ da, industriako bigarren enpresarik garrantzitsuena–.
Gainera, web orri horiek korporazio eta sektore ugarirekin elkarlanean aritzen dira zuzenean eta zeharka, hala nola teknologikoarekin eta banku sistemarekin. Eskuragarri dagoen informazioaren arabera, teknologia-enpresek, hedabideek eta Interneteko zerbitzariek harreman estuak dituzte pornografiaren industriarekin. Halaber, finantza-sektoreak merkatu hori babesten du, Irlandako Bankuak inbertsioak egin ditu Remnant Media pornografia ekoiztetxean, eta, Cyprus Confidentialek agerian utzi duenez, pornografiaren eta Zipreko finantza-sistemaren artean ere badaude loturak.
Pornografia-industriaren arrakastaren oinarria da mugarik gabe merkaturatzen duela izaera sexuala duen ikusizko ia edozein material. Ez dago mugarik: grabatutako bortxaketak, adimen artifizialak sortutako irudiak, sexting-trukeetatik lapurtutakoak edota sexu-esplotazio egoerak erakusten dituztenak
Sare sozialak: publish yourself
Eduki sexualizatzaileak jauzi egin du interakzio sozialera bideratutako aplikazioetara. Industria horiek negozio errentagarria egiteko aukera ikusi dute sexualizazioan, nahiz eta ez ziren funtzio nagusi horrekin sortu.
Horren erakusgarri argia dira sare sozialak. Gero eta emakume gazteagoen gorputzak bistarazten dira arreta erakartzeko baliabide gisa; horrela, ikusle kopurua eta erabiltzaileek plataforman ematen dituzten ordu kopurua handitzeko helburua dute, eta, ondorioz, onura ekonomikoak lortzekoa. Gomendio-algoritmoak funtsezko zeregina betetzen du hor; izan ere, sareak irudi sexualekin betetzen ditu eduki mota hori etengabe kontsumitu dadin, eta, aldi berean, jende gehiagorengana irits dadin, baita inoiz ikusiko ez zuketen pertsonengana ere.
NGO Algorithm Watch-eko ikerlariek egindako esperimentu batek erakusten du emakumeen eduki sexualizatuak promozio handiagoa lortzen duela sare sozialetan. Barruko arropa jantzita azaltzen diren emakumeen irudiek %54 probabilitate handiagoa dute feedsetan agertzeko; aldiz, soina biluzik ateratzen diren gizonezkoen irudiak %28 igoarazten dute ikusgarritasuna.
Sare sozialen eguneroko erabilerak berariazko publikoa aurkitu du gazteen artean. Sexualizazioa gauza arrunt eta baleko bihurtu du, askotan modan dagoenarekin, onarpen sozialarekin eta arrakastarekin lotuz
Ez dago ospe txarra duten orrietan edota segurtasun gutxiko orrietan bilatzen ibili beharrik. X, Instagram, Youtube eta antzeko gune eskuragarriagoetan sexu-edukia hedatzen uzten dute, bai modu zuzenean, bai plataforma espezializatuetarako esteken bitartez, adibidez, OnlyFans-erako linken bidez. “Colonización de las redes sociales. El caso Tiktok” (2024) azterlanaren arabera, pornografikoak ziren 2022-2023 urteetan Youtube, Facebook, Snapchat, Tiktok eta Instagram plataformetan esku-hartutako edukien gutxienez %49,3.
Sare sozialen eguneroko erabilerak berariazko publikoa aurkitu du gazteen artean. Sexualizazioa gauza arrunt eta baleko bihurtu du, askotan modan dagoenarekin, onarpen sozialarekin eta arrakastarekin lotuz. Zenbait ikerketak erakusten dute lotura bat dagoela gorputza erakustearen eta influencer ezagunenen kontuen arrakastaren artean, eta horiek, besteak beste, markak eta programak promozionatzen dituztela. Emakumearen gorputza modu sexualizatuan erakusten duten argitalpenek interakzio handiagoa sortzen dute, iruzkinak biderkatzen dituzte, eta baita diru-sarrerak ere. Joera hori nabarmenagoa da eduki-segmentu batzuetan, esaterako, modan edota kirolean, baina eragina du beste kanal batzuetan ere, hala nola sukaldaritzakoetan eta bidaiakoetan.
Sare sozialek erraztu egin dute sexualizazioaren industriarekin zerikusirik ez daukaten pertsonek industria horretan parte hartzea, eta hari onurak ematea, ia kosturik eragin gabe. Edozein pertsonak, edozein unetan eta edonon sor dezake kontu bat, eta edukia argitaratu, dirua azkar irabazteko.
Aldi berean, aplikazio horiek oso emaitza onak ematen dituzte emakumea objektu sexual gisa ulertzeko ikusmoldea normalizatzeko eta indartzeko prozesuan.
Puntu honetan merezi du reality showen klipak aipatzea, sare sozialetan hedapen handia lortu eta sexualizazioaren industria elikatzen baitute. “La isla de las tentaciones” eta antzeko programek parte-hartzaileen sexualizazioan eta euren artean sortzen dituzten harreman toxikoetan oinarritzen dituzte bere etekinak. Eta, horrela, pertsona baten balio soziala haren dimentsio sexualera murriztea arinkeriaz tratatzen da, ez da larritzat hartzen, eta inor bere bikotekidearen aurka oldartzea barreguraz hartzera ere irits gaitezke. Parte-hartzaileen asmo bakarra dirua irabaztea da, euren irudia influencer gisa sendotuz, eta eduki mota hori erabiltzearen kontura, zeinak ikusle kopurua handia baitu gazteen artean.
Zinemak emakumea objektu sexual gisa eta sakontasunik gabekotzat aurkeztu du, filmean zehar bilakaera esanguratsurik izaten ez duten eta portaera aurreikusgarria duten pertsonaien bitartez
Zinema: emakumea ikono sexualizatu gisa
Filmetan behin eta berriz agertzen den gaietako bat, neurri handiagoan edo txikiagoan, emakumezko pertsonaiaren baten sexualizazioa da. Izan ere, esan daiteke zineman emakumezkoak biluzik ikustea eta irudi sexualizatua erabiltzea hobeto onartzen dela, adierazpen artistikoa delako.
Hala ere, zinemak emakumea objektu sexual gisa eta sakontasunik gabekotzat aurkeztu du, filmean zehar bilakaera esanguratsurik izaten ez duten eta portaera aurreikusgarria duten pertsonaien bitartez: protagonisten rol osagarriak dituzte, edo beren itxura fisikoak definiturikoak. Horrez gain, sektoreko profesionalak bat datoz esatean kamera-mugimenduek, eszenen muntaiak, eta baita lehen planoek ere sexualizazioa sustatu dutela. Ezaugarri horiek baliagarriak izan dira txarteldegian diru gehiago biltzeko eta arrakasta ziurtatzeko.
Trantsizio garaiko biluzte-zinema izan zen hastapena, lehen aldiz emakumearen gorputz biluzia pantaila handian kokatu zuen genero zinematografikoa. Mota horretako filmak oso errentagarriak izan ziren, kostu txikikoak eta eskari handikoak; Espainian 70eko hamarkadan ekoitzitako filmen %15 inguru genero horretakoak ziren. Hasiera batean sexu-askapenerako eta balio tradizionalekin apurtzeko sinbolo gisa erabili zenak fartsa hutsa izaten amaitu zuen, despolitizazio funtzioa betetzen baitzuen. Izan ere, gizartea asaldatuta zegoen une batean, haren ahalmen politikoa mugatu zuen, eta emakumearen menpekotasun-egoera indartu zuen haren sexualitatea erabilita.
Gaur egungo zinema-ekoizpenari dagokionez, ikusten da egungo zinema saiatzen dela emakumeari protagonismo handiagoa ematen, emakumezko pertsonaia konplexuagoak eta autonomoak erakutsiz, klixe tradizionaletatik urrunduak. Dena dela, azken batean, emakumearen irudi sexualizatua indartzen duten estereotipoak erreproduzitzen dituzte, edota neskatila nerabe batek eragindako lilura erotikoa indartzen dutenak, eskuarki “lolita” fenomenoaren izenez ezagutzen dena, eta zenbait ikus-entzunezko ekoizpenetan islatzen dena. Horren zenbait zinema-generoetako adibide dira Lolita (1997), Wonder woman (2017), Last night in Soho (2021) eta Poor things (2023)
Ondorioak
Emakumearen sexualizazioa estrategia ekonomiko gisa finkatu da, eta gaur egun sektore mota askotako jardueraren ardatza da, eta zenbait estatutako ekonomiak dinamizatzen ditu. Sexualizazioa beste merkatu batzuetara hedatu izanak indartu egin du emakumeak etengabe sexualizatzen dituen oinarri kulturala, eta kasu askotan sexualizazioa ahalduntzearekin eta sexu-adierazpen propioarekin identifikatzera iritsi da.
Ordea, gizarte kapitalistak bi arrazoirengatik iraunarazten du emakumeak objektu sexualtzat hartzearena; lehenik, gure sexualitatearen kontura etekin ekonomikoak lortzeko, eta bigarrenik, bizi dugun menpekotasun egoera indartzeko. Sexu-balioa nabarmentzeak giza bertute guztiak kentzen dizkio emakumeari, eta subjektu politiko gisa duen jarrera oztopatzen du. Horrek guztiak hondatu egiten du emakume langileen bizitza, indarkeriaren mende jartzen gaitu, eta bigarren mailako subjektu gisa kokatu gaitu.
Merkatu horiek sostengatzen dituzten baldintzak ezabatzen ez baditugu, pentsatzekoa da gero eta emakume gehiagok amaituko dutela sexualizazioaren industrian, pobreziatik ihesean edo, besterik gabe, sosen bat lortzeko
Garrantzitsua da nabarmentzea sexualitatearen merkantilizazioak era larriagoan eragiten diela kolektibo zaurgarriei, mundu osoan ehunka mila emakume proletario sexu-esplotaziora eramaten baititu. Errealitate horiek kontuan hartu behar dira, eta gure printzipioen arabera arituz, indarkeria- eta miseria-egoera horiek desagerrarazteko zeregina bere gain hartuko duen programa politiko bat garatu behar da, inork bere sexualitatea saldu behar ez dezan, eta emakumezko guztiok kalitatezko bizi-baldintza berdinak izan ditzagun.
Helburu hori lortzeko ezinbestekoa da emakumearen sexualizazioaren aurkako borroka haren merkantilizaziotik onurak lortzen dituztenen aurka ere bideratzea. Emakumeak objektu sexualtzat hartzeko egoera sustatzen duen eta masa-kultura sexualizatua normalizatzen duen industriaren aurka borrokatu behar dugu, eta baita industria horretatik irabaziak ateratzen dituzten kapitalisten aurka ere. Horrekin guztiarekin batera, influencer- eta kontsumitzaile-multzoa ere seinalatu behar dugu, sexualitatearen salmentan jokatzen duten rolarengatik.
Merkatu horiek sostengatzen dituzten baldintzak ezabatzen ez baditugu, pentsatzekoa da gero eta emakume gehiagok amaituko dutela sexualizazioaren industrian, pobreziatik ihesean edo, besterik gabe, sosen bat lortzeko.
BIBLIOGRAFIA
Cobo, Rosa (2019). La prostitución en el corazón del capitalismo.
Ballester, Luis y Sedano, Sandra (2024). La industria pornográfica en Internet. Características y consecuencias.
Guarinos, Virginia (2008). Mujer en constitución: la mujer española en el cine de la Transición.
HEMEN ARGITARATUA