Teoria liberalaren arabera, gizartea indibidualtasun partikularrez osatutako multzo abstraktua da. Liberalentzat, gizabanakoa funtsezkoa eta hautsezina da. Erreferentzia kolektibo oro, dela Estatua, dela Zuzenbidea, indibidualtasunaren mugetan sortzen da; muga horiek gizabanako baten askatasuna beste baten askatasunarekin gatazkan sartzen den espazioko marjinak ordezkatzen dituzte. Horrela, kolektiboa istripu gisa sortzen da, kontingentea da eta interes indibidualaren menpe dago, zeinak, bestalde, ez baitu beste mugarik indibidualtasuna bera baino.
Hala ere, indibidualtasuna, formalki gizarte jakin bateko gizabanakoen arteko gatazkan definitzen den heinean, abstraktuki mugatuta dago, eta gizabanako guztiak jokabide tipo horretara murriztu behar dira. Indibidualtasuna, laburbilduz, gatazkarik gabeko eremua da, abstrakzio bat mundu batean, zeina, bestalde, etengabeko gatazka baita. Harreman sozial jakin batzuen idealizazioa da abstrakzio-prozesu horren, hots, indibidualtasunaren sorrera-prozesuaren benetako emaitza; harreman horietan, gizabanakoak ekoizpen-harreman sozialen adierazpen gisa sortzen den subjektu pribatu gisa jarduten du. Ekoizpen-harreman sozial horietan, burgesa ekoizpen eta kapitalaren balorizazio bitartekoen jabe pribatua da, eta proletariotza, berriz, bere lan-indarraren jabea.
Liberalek diote Estatua alboratzen dutela interes indibidualak modu naturalean orekatzen direlako: interes berdinak dira, berdinak diren jabeenak. Hala ere, abstrakzio hori baliozkotzat joko bagenu ere, Estatuak berdin jarraituko luke sortzen beharrezkotasun gisa eta indibidualtasunean, hots, interes kontrajarriak dituzten gizabanako pribatuetan oinarritutako harreman sozialen fundamentu gisa. Izan ere, ezaugarri horiek dituen gizarte batean non baten interesa beste baten interesaren bidez mugatzen den, besterendutako forma soziala (Kapitala) hartzen du kolektibotasunak, zeinak subjektu-baldintza erauzten baitio gizabanakoari, klase menderakuntzaren funtsezko arma den botere-egitura politiko bati emateko. Gizabanako guztiei eskubide hori formalki aitortzen dien gizarte batean, Estatuak horrela konpontzen du subjektu-eraketaren funtsezko gatazka.
Liberalek diote Estatua alboratzen dutela interes indibidualak modu naturalean orekatzen direlako: interes berdinak dira, berdinak diren jabeenak. Hala ere, abstrakzio hori baliozkotzat joko bagenu ere, Estatuak berdin jarraituko luke sortzen beharrezkotasun gisa eta indibidualtasunean, hots, interes kontrajarriak dituzten gizabanako pribatuetan oinarritutako harreman sozialen fundamentu gisa
Teoria liberalak aldarrikatzen duen indibidualtasuna klase-mendekotasunaren oinarri ideologikoa da. Izan ere, bi subjektu jabedunen arteko berdintasun juridikoaren itxurapean, Kapitalean besterendutako forma kolektiboarekiko eta haren botere- eta menderakuntza-formekiko subordinazioa ezkutatzen da, proletalgoaren klase-esplotazioan oinarritzen dena. Indibidualtasuna determinatua da, eta proletalgoarentzat esplotazioa eta miseria esan nahi du.
Horrela ulertutako askatasun indibiduala jada ezin da inolako aldaketaren oinarri izan; pertsonala politikoa da, baina beste zentzu batean. Izan ere, pertsonala zeregin kolektiboa da, zeregin politikoa. Oinarri kontzientetzat abiapuntu kolektiborik ez duen indibidualtasun orok nahitaez erreproduzitzen du bera indibidualtasun eraginkor gisa osatzen duen errealitate soziala; hau da, nagusi den kolektibitatearen forma sozialaren mende dago.
Modu horretan, jarrera indibidualek, subjektu despotiko batek sortutako egoera zapaltzaile bati ustez aurre egiten dion askatasun indibidual batean oinarrituta, despotismo hori erreproduzitu dezakete hari aurre egitearen itxuraren pean. Emakumeen sexualizazioaren gaia horren adibide garbia da. Iraultzaileen mozorroa janzten duten sektore liberalek diote errealitatea eraldatzen ari direla emakumeen askatasuna (sexuala) aldarrikatuz, baina, egia esan, autoritarismo-giro handiagoa sortzen laguntzen ari dira beren ekintza ustez ahalduntzaileekin emakumea sexualizatzen dutenean, desiratua den jabetza-objektu bat bihurtu. Sexu-askatasuna, sektore horientzat, errealitate zapaltzaile batean surf egiten ikastean datza; zapalkuntza, beraz, ez da estrukturala, norbanakoak horren aurrean duen jarreraren araberakoa baizik.
Teoria liberal guztietan bezala, ahalduntzearen teorian ere errealitate soziala pertsonen arteko harreman abstraktuetara mugatzen da, eta, horregatik, kontraesan sozialak egoera asimetrikotzat hartzen dira, abstraktuki berdinak diren bi subjekturen arteko harremanaren mailan gainditu beharrekoak. Ahalduntzea ez da errealitatea eraldatzea, baizik eta norberak errealitatean duen posizioa birplanteatzea. Horrela, zapalkuntzak ez du izaera sozialik, ezta klase-menderakuntzaren egiturekin inolako loturarik ere; aitzitik, erantzukizuna indibiduala da, eta bakoitzari dagokio.
Jarrera horien arrisku nabarmenena da, subjektu autoritario bati aurre egiteko, gizabanako baten askatasuna aldarrikatzen dutela –zeina baldintza sozial jakin batzuen emaitza baita–; ordea, egiaz, gizabanako hori eta subjektu autoritarioa, biak ala biak, baldintza sozial berdinen emaitza dira. Baldintza horien gainean artikulatzen dira subjektu autoritarioa eta haren osagarria: zapalkuntzari aurre egiten diola dioen subjektu indibidual askea. Horrela, subjektu libreek, emakumeak gizonaren zerbitzura egon behar duten objektuak direla dioten tradizionalisten, erreakzionarioen, misoginoen eta matxisten aurka, askatasunaren eta ahalduntzearen ikono bilakatzen dute sexualizazioa, hau da, egoera zapaltzaile bat. Ahalduntze horrek zapalkuntza-egoera bat kontzienteki onartzea eta hortik etekina ateratzea esan nahi du. Zapalkuntza gainditzeak, beraz, zapalkuntza kategorizatzen duten kontzeptuak birpentsatzea esan nahi du. Horri kontzeptuaren jabe egitea eta esanahi berria ematea deitzen diote. Zapalkuntza pertzepzio hutsa da.
Iraultzaileen mozorroa janzten duten sektore liberalek diote errealitatea eraldatzen ari direla emakumeen askatasuna (sexuala) aldarrikatuz, baina, egia esan, autoritarismo-giro handiagoa sortzen laguntzen ari dira beren ekintza ustez ahalduntzaileekin emakumea sexualizatzen dutenean, desiratua den jabetza-objektu bat bihurtu
Gizabanakoaren askatasunaren defendatzaileen soziologia espezifikoa kontuan hartzen badugu, esandakotik ezer ez da harritzekoa. Burges aurrerakoiak, gorputzaren errentatzaileak zein intelektual burges txikiak, guztiak dira emakumeen zapalkuntzatik onurak jasotzen dituzten subjektuak, eta beren ekintzen bidez zapalkuntza hori ahalbidetzen duten baldintzak indartzen dituzte. Ahalduntzearekin negozioa egiten duten subjektuak dira, kapital soziala eta dirua metatzen dutenak, zapalkuntza irabazien negozio bihurtzen dutenak; izan ere, zapalkuntzari maila indibidualean aurre egiteko aukera ematen duten autolaguntza-programak eskaintzen dituzte, sare sozialetan aberasten dira, askapenaren erreferente ideologiko bihurtzen dira, askatzeak dakarren ahaleginaren erreferente. Subjektu burges txiki horiek sentipen indibidual bihurtzen dute zapalkuntza, eta haren gaindipena boluntarismo hutsa, ahalegin meritokratikoan oinarritua –esfortzu hori da burgesia txikiak nahi eta desiratzen duen moduko gizarte kapitalistaren DNA–.
Ahalduntzearen teoriaren arabera, ahalduntzea ez da errealitatea eraldatzea, baizik eta norberak errealitatean duen posizioa birplanteatzea. Horrela, zapalkuntzak ez du izaera sozialik, ezta klase-menderakuntzaren egiturekin inolako loturarik ere; aitzitik, erantzukizuna indibiduala da, eta bakoitzari dagokio
Askapenaren itxuraren eta askatasunaren falaziaren atzean, egitura ideologiko oso bat dago, zapalkuntza birkontzeptualizatu nahi duena hura iraunarazteko; izan ere, hura gainditzeaz arduratzen diren subjektuak autobetikotzen diren subjektuak dira, beren eraketa eta subjektu izaera estuki lotuta baitaude zapalkuntzaren betierekotasunarekin, eta ez hura gainditzearekin. Horrela, irtenbide indibidualistek –ez dira jarrera ideologiko baino–, beren burua soluzio gisa baieztatzeko bidean, onartu egiten dute nagusi den forma kolektiboa, hots, Kapital subjektuaren forma; izan ere, etengabe berritu behar diren soluzioak dira, inpostura indibidualak diren neurrian. Egiaz, ihesbidea gizabanakoa bada, gizarte kapitalistak hala eratu duen gizabanakoa, eta iraultza sozialistaren aldeko jarrera kolektiboa hartzeari uko egin diolako bada hori ihesbidea, orduan ihesbide horrek eskatzen du gizabanakoa etengabe berritzea bera osatzen duten gizarte-harremanen baitan. Horrek esan nahi du betikotzen den zapalkuntzari aurre egiteko irteera indibidualak sustatzea; eta, beraz, irteera faltsuak sustatzea, zapalkuntzaren kateak sendoago estutzen dutenak, zapalkuntza hori asimilatzea errazago eginez. Aldiz, bide alternatiboa hau da: gizabanako determinatu bat errekonozitzea gizabanako askean eta gizabanakoaren ekintza libreetan, harreman sozial jakin batzuetan txertatua dagoena, eta, horregatik, harreman horien adierazpen indibidual soila dena. Eta horrek berekin dakar errealitatea iraultzeko beharrezkoa dela nork bere burua kolektiboan errekonozitzea, eta kolektibo hori eraldatzeko antolatzea.
HEMEN ARGITARATUA