AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Hautsak harrotu ditu aste honetan Gurutzetako Pediatriako Zainketa Aringarrietako sendagile batek jasandakoak: Osakidetzak kargu hartu dio, "bere ordutegitik kanpo" hilzorian zegoen haur bat artatzeagatik.

Berria irakurrita, haserrea eta amorrua dira erreakzio logikoak. Izan ere, bere lanorduetatik kanpo haur bategatik benetan kezkatuta lanean dagoenari kargu hartzeak gutxi dauka gizatasunetik. Are larriagoa da, gainera, zerbitzuaren urritasunaren erruduna bera baldin bada hori egiten duena; alegia, Osakidetza.

Haserre-olatuaren aurrean, Alberto Martinez Osasun sailburuak Osakidetza zuritzeko saiakera traketsa egin du, "kargu hartzerik" egon ez dela esanez, eta soilik ohartarazpena zela, lanorduetatik kanpo gerta zitekeena jakinarazteko; "istripu" bat, adibidez.

Aurpegi zuriketa saiakera hori eta bere edukia oso argigarriak dira, eta oinarrizko arazora garamatzate. Haien lanorduetatik kanpo gerta liezaiekeenaz ohartarazi zituzten osasun-langileak, ados. Baina zer gertatu dakioke, bada, hiltzear den haur bati, bere medikuen "lanorduetatik kanpo"? Zer gainezka dauden larrialdietan artaren zain orduak eta orduak itxaron behar dituenari? Froga diagnostikoen zain hilko direnei? Bidasoako ospitalean larrialdietara doan haur batek ez du ordutegirik jarraitu beharko, jada ez baitago pediatriako larrialdirik bertan, goizean ala gauean joan.

Hori guztia gertatzen ari da, egunez egun, osasun-langileen ordutegien barruan eta kanpo; eta gertatzen direnak ez dira "istripuak". Osasun-sistema kapitalistaren eguneroko funtzionamendua da. Burokratek kezka zinikoa adierazten dute komunikabideetan, osasunaren inguruko "herri-paktuen" onurak saltzen dituzte telebistan, benetan gertatzen ari dena oihal eder batekin estali nahian, pixkanaka osasun-baliabideak murrizten dituzten bitartean.

Osasun unibertsal eta kalitatezkoaren ilusioa gure begien aurrean ari da erortzen, baina oihalak jada gero eta gaitasun gutxiago dauka denon begi bistakoa dena estaltzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK
OSZAR »