Armada Gorriak eta partisanoen erresistentziak nazien aurrean lortutako Garaipenaren Eguna ospatzen da maiatzaren 9an. Egun horrek erakutsi zuen, duela 80 urte, faxismoaren zapalkuntza eta bazterkeria baino indartsuagoa izan daitekeela komunismoaren askatasun- eta berdintasun-gosea. Gizakiaren ondasunik preziatuenaren aldeko gerrak zelako bataila latzak izango dituen gogorarazten digute orduan hildako 27 milioitik gora sobietarrek.
Jakina da komunistak izan zirela orduko faxismoa suntsitzeko gidaritza sutsua izan zutenak. Mendebaldeko burgesiak, aldiz, hamarkadak daramatza historia hori berrikusten, SESBen esfortzua gutxiesten eta AEBak garaile loriatsutzat saltzen. Are gehiago, komunismoa eta faxismoa berdintzen saiatu da, demokrazia liberala goresteko, kapitalismoaren aurpegi gizatiarrago bat erakusteko, eta zapalkuntzaren aurkako alternatiba zapuzteko.
Baina, herrialde liberalak nazismoaren aurka jotzera heldu baziren, horrek bekatu bikoitz bat egin zuelako izan zen. Batetik, liberalek, tradizioz, kolonietarako gordeta zituzten inbasioa, arpilatzea eta genozidioa Europako herrialde garatuetan erabiltzea. Bestetik, bere aurkako borrokan, komunismoaren historiako hedapen territorialik eta politikorik handiena eragitea.
Horrek ez du liberalismoa antifaxista egiten, ordea, eta horregatik ospatzen dute Europaren Eguna Garaipenaren Egunean. Gehiengo kontzientearen sakrifizioa ospatu ordez, gutxiengoaren pribilegioak goraipatzeko. Komunismoaren garrantzia historikoa azpimarratu ordez, halabeharrezko kapitalismo liberalaz konbentzitzeko. Boltxebismoaren aurrean nazismoa toleratu, indartu eta boterera igo zuen liberalismo berbera goraipatzeko. Zapalduon internazionalismoa bultzatu ordez, pribilegiatuen Europar Batasuna goresteko.
Gerra aurretik zein haren ostean, iraultza saihestu dezakeen faxismoa toleratu du demokrazia liberalak, eta liberalismo horixe bera da nagusi gaur egungo Europan. Geroz eta autoritarioagoa eta gerrazaleagoa den demokrazia honek, chauvinismoan, klasismoan, arrazakerian edo matxismoan sustraitutako faxismoak loratzeko baldintzak jartzen ditu.
Proletalgoari bere historia eta garaipenak ukatzen zaizkion arren, handia da bere itzala. Gaur, atzo bezala, estrategia komunistak gidatutako alderdi handiak dira berme antifaxista bakarra: askatasunaren eta berdintasunaren etsaiak indarrez borrokatuz, faxismoa eta kapitalismoa garaituko dutenak.