Oraindik zalantzarik balego, argigarriak dira Donostiako azken berriak. Kontramobilizazioei esker, pertsona migratuak seinalatzeko deialdiak egiteari utzi behar izan zion iaz Lo que no te cuentan de Donosti-k, baina badirudi gorrotozko mezuak hedatzeko lekukoa hartzen saiatuko dela nor edo nor. Izan ere, "segurtasun falta" salatzea aitzakiatzat hartuta, ostiral arratsaldean Altzara bertaratzeko deialdi bat zabaldu dute sare sozialen bidez, eta hura babestu dute Juventud Combativak zein Patrullas Vecinales Donostiarrasek. "Gaizkileen aurkako legeak gogortzearen alde dauden etorkinak animatu" dituzte batzera, horrela, argi utziz nori leporatuko dioten "segurtasun falta" elkarretaratzean: pertsona migranteei.
Vox edo PP bezalako alderdi aski ezagunak, gorriz mozorrotu nahi duen Frente Obrero faxista, "bizilagunen" maskararen atzean ezkutatzen diren talde erreakzionarioak⦠Asko dira gizartean areagotzen ari den miseriaz eta horri lotutako ezinegonaz aprobetxatu nahian ari diren taldeak, ideia faxistak hedatzeko. Edozein heldulekuz baliatzen dira horretarako, baita seguruenik bost axola zaizkien aldarriez ere: ikusi ditugu eraso matxistak eta "delinkuentzia" salatzen, soilik erasotzaileak edo "delitugileak" jatorri konkretu batekoak edo pobreak direnean; ikusi dugu PP alderdi espainolista, zer eta migranteei euskara jakin dezatela exijitzearen alde egiten, haiei prestazio sozialak kentzeko balio badu. Eta, finean, asko ikusten ditugu miseriaren ondorioez aprobetxatzen, diskurtso arrazistak eta klasistak zabaltzeko. Ez dute pobrezia (eta horrek oinarrian duen injustizia) gorroto; ez dituzte pobreziaren errudunak eta kausak gorroto: pobreak gorroto dituzte.
Gero eta gutxiago disimulatzen duten talde horien izaera agerian utzi behar dugu, eta haien gorroto-mezuei aurre egin. LQNTCDD-ren kontzentrazioek jasandako porrotak erakutsi zuen premiazkoa bezain eraginkorra dela faxismoaren bazka diren diskurtsoei eremu orotan aurre egitea, kasu honetan, klasismoari eta arrazakeriari bidea itxiz. Eta esan beharra dago klasismo eta arrazakeria kirats antzekoa dariela EAJko Antxustegiren hitzei, "migrazio ordenatua" eskatu eta iradoki duenean "Euskadira lanera etorri" behar direla pertsona migratuak; edo baita EH Bilduko Otegiren hitzei ere, ustez migrazioa babestu duenean, baina pertsona migratuek "terrazetan kafeak zerbitzatu" diezazkioten edo "inork nahi ez dituen lanak" egin ditzaten. Ez ditzagun halako adierazpenak normaldu, faxisten ulermen-markoa indartzen baitute guztiz. Gertatzen dena gertatzen dela, klase-batasuna.