AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Navarra.com
2025/06/07 12:34

Aste honetan, gutun bat argitaratu dute Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan larrialdi-zerbitzuetan aritzen diren 219 langilek. Modu horretan, "barkamena" eskatu dute larrialdietan pazienteek jasotzen duten arretaren kalitate faltagatik: "Zintzotasunez hitz egiten dizuegu barkamena eskatzeko, ezin zaituztegulako nahiko genukeen bezala artatu".

Ospitalean dagoen baliabide falta salatu dute idatzian, osasun-langile falta kasu; baita haien lan baldintzak ere. Gainera, lehen arretako egoera larriaren berri eman dute, seinalatuz pazienteak osasun-zentroetan behar bezala artatuak ez izateak eragiten duela, besteak beste, gerora larrialdiak goraino betetzea.

219 osasun-langileek azaldu dutenaren arabera, azken urteetan pazienteen eskubideetan eta teknologian ustezko aurrerapen batzuk izan badira ere, gero errealki ez dira baliabideak bideratu osasun-arretan eskaini ahal izateko, eta beharginen lan-karga etengabe handitzen ari dira.

Karga pazienteen gain

Badirudi, dena den, fokua aldatu nahian ari dela Nafarroako Gobernua. Fernando Dominguez Osasun sailburuak, esaterako, aste honetan bertan exijitu die pazienteei "arduratsuak" zain daitezela eta osasun-zerbitzuak modu "arduratsuan" erabil ditzatela, haien gain jarriz larrialdietako saturazioaren ardura.

Bestalde, defendatu nahi izan du langile gehiago kontratatu izan dituztela osasun-zerbitzuetarako, baina aipatu gabe soilik momentu puntualetarako eta behin-behinean izan dela, aipatutako gutunean 219 sinatzaileek gaitzesten dutenez.

EZ DAGO IRUZKINIK
OSZAR »