AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/09 12:57

Noticias de Álava egunkariko zuzendaritzaren partetik, "jazarpena eta errepresaliak" jasan ditu langile-batzordeko kide batek. Beharginen ordezkari horrekin bildu ziren maiatzaren 6an egunkariko zuzendari nagusia eta zuzendari editoriala, eta "presio guztiz gaitzesgarriak" egin zizkioten, langileek eta ELA sindikatuak salatu dutenez: "Ate itxiko bilera izan bazen ere, lankideek adierazten duten bezala, oihuak eta forma txarrak nabariak ziren". Gertatutakoa dela-eta, langile hori bajan dago une honetan.

Plantillak Gasteizko udaletxe aurrean agerraldi bat egin eta segituan jo zuen sindikalistarengana egunkariko zuzendaritzak. "Agerraldia bizi dugun lan-egoera kaskarra salatzeko eta alderdi politikoei legea betetzen ez duten enpresei ematen dieten diru publikoaren kontrol handiagoa eskatzeko egin genuen", azaldu dute: "Urteak daramatzagu salatzen egunkari honek [Noticias de Álava] ez duela betetzen aplikatu beharreko hitzarmena".

Beharginek asteak daramatzate protestak egiten, "20 urteko prekaritatearen" aurka. Besteak beste, jakinarazi dute izoztuta dituztela soldatak 2012tik eta enpresak ez duela Espainiako Estatuko prentsako lan-hitzarmena ere aplikatzen. 

Langileei babesa eman die Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS), eta "borroka sindikalaren aurkako erasoak" salatu ditu. "Klase elkartasuna lan-baldintza prekarioen aurka borrokan ari diren kazetari zein argazkilariekin", aldarrikatu du.

EZ DAGO IRUZKINIK
OSZAR »