AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / @JLRINVESTIGATES (X)
2025/07/03 08:03

Amerikako Estatu Batuetako presidenteak, Donald Trumpek, Alligator Alcatraz izeneko makrokartzela inauguratu du astearte honetan. Evergladeen bihotzean dago atxiloketa-zentro berria, Miamitik 60 bat kilometrora, Floridan. Aireportu abandonatu batean dago, eta 5.000 migratzaile inguru atxilo hartzeko eraiki dute azpiegitura abiadura bizian, hamalau egunean.

Makroespetxearen izena da gehien nabarmentzen dena: Alligator Alcatraz, atxiloketa-eremua kaimanez, krokodiloz eta pitoiz inguratuta dagoelako. San Frantziskoko espetxe mitikoari erreferentzia egiten dio izenak eta beldur-mezu bat bidaltzea du helburu, Immigrazio eta Aduanen Taldearen (ICE) migrazio-sarekaden olatu betean.

Inaugurazioan, ihes egiteko aukerez ironiaz mintzatu zen Trump: "Kaiman batengandik ihes egiten irakatsiko dizuegu. Kartzelatik ihes egiten baduzue, ez korrika egin zuzen, sigi-saga ibili", adierazi zuen hedabideen aurrean, eskuarekin keinuak eginez. Ron DeSantis Floridako gobernadoreak eta Kristi Noem Segurtasun Nazionaleko idazkariak lagunduta, presidenteak instalazioa "beste estatu batzuetarako eredu" gisa defendatu zuen, baita deportazio bizkorren politikaren funtsezko elementu gisa ere. Zentroak in situ arituko diren migrazio-epaileak izango ditu, kanporatze-prozesuak arintzeko.

Giza-eskubideen aldeko erakundeen, ingurumenaren aldeko erakundeen eta Miccosukee komunitate indigenako kideen protestek markatu zuten kartzelaren inaugurazioa, pertsona migratzaileen kriminalizazioa eta proiektuaren eragin ekologikoa salatzen baitituzte. James Uthmeier Floridako fiskal nagusiak azpimarratu duenez, atxiloketa-zentroaren kokapenak eta tokiko faunak "segurtasun-neurri gehigarrien beharra murrizten dute".

Horrela, Alligator Alcatraz da Trumpek migrazio-politikak gogortzeko bultzatutako aro berriaren sinbolorik agerikoena, AEBetan gero eta tentsio sozial eta politiko handiagoa dagoen testuinguru batean.

EZ DAGO IRUZKINIK
OSZAR »