AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Salhaketa
2025/04/30 13:19

Iruñeko (Nafarroa) espetxeko egoera aztertu du berriz Nafarroako Salhaketak, eta Nafarroako espetxe egoeraren mapatzea txostenean jaso du 2024an bildutako informazioa. Atzo eman zuen lan horretan erakutsitako errealitatearen berri, eta Iruñeko kartzelan preso dauden pertsonek jasan behar dituzten tratu txarrak eta "gabeziak" azaldu zituen Nafarroako Parlamentuan.

Presoek jakinarazi dute lotu egiten dituztela eta immobilizazio-neurriak aplikatzen dizkietela kartzelazainek, girgiluen bidez esate baterako; baita jo egiten dietela ere. "Zenbaitek salatu dute immobilizazio-sistema mekanikoak erabiltzen dituztela, era umiliagarrian miatzen dituztela eta, batzuetan, jipoiak ematen dizkietela", salatu zuen atzo Salhaketako kide batek.

Presondegian izan den gorakadaz ere ohartarazi du kolektiboak: "2012. urtetik, hau da, kartzela zabaldu zenetik, izugarri igo da preso kopurua Iruñean". Gaur egun, 414 pertsona daude gatibu bertan, pilatuta. "Kartzela hamabost modulurekin zabaldu zuten, baina, gaur egun, sei baino ez dituzte zabalik; hortaz, presoak pilatuta dauzkate, eremu handi bat hutsik daukaten arren", seinalatu zuen Salhaketako beste kide batek.

Bestalde, kartzelako higiene-baldintzak eskasak dira eta elikaduran gabezia nabarmenak daude. Salhaketak jakinarazi duenez, espetxean banatzen duten higiene-kita oso mugatua da eta "presoak behartzen dituzte behar dutena kartzelako ekonomatuan erostera"; eta, gainera, "ez dago aparteko dietarik diabetesa edo bestelako gaitzak dituztenentzat".

Nafarroako Arartekoak duela aste bi salatu zuen mediku bakarra dagoela Iruñeko presoak artatzeko, gutxienez lauk egon beharko luketen arren.

EZ DAGO IRUZKINIK
OSZAR »