AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/13 12:43

Maiatzaren 8an Bilboko (Bizkaia) San Frantzisko auzoko ile-apaindegi batean Ertzaintzak egindako eraso arrazistaren inguruan galdetu diote Bingen Zupiriari Eusko Legebiltzarrean. Segurtasun sailburuak erantzun du esanez, egun horretan, "identifikaziorako eta gorputz-miaketarako praktikak" jarraitu zituztela ertzainek, eta "gertakarien berri izan bezain pronto" ireki zuela barne-ikerketa bat Ertzaintzak. Gaur egun, zabalik jarraitzen omen du ikerketa horrek.

Azken bost urteetan, eraso polizialengatik ikerketapean egon diren ertzainei buruz ere galdetu diote Zupiriari, eta hainbat datu ofizial eman ditu. Sailburuaren esanetan, 2020ko urtarrilaren 1etik hona, erasoengatiko 61 barne-ikerketa abiatu ditu Ertzaintzak. Horien emaitza honakoa izan da, ustez: "Hamahiru diziplina-espediente ireki ziren. Horietatik bi erantzukizunik gabe amaitu ziren, eta beste 11 hainbat zigorrekin". Beraz, azken bost urteetan, eraso polizialak egin dituzten ertzainen kontrako 11 espediente baino ez dira amaitu zigorren batekin.

Hala ere, zigor horiek zer nolako arinak diren iradokitzen du Zupiriak berak emandako informazioak: "falta larri bat" egin zuen agente bati hamabi eguneko etenaldia baino ez zioten ezarri. Hala, hamabi egunetik hiru hilabeterainoko zigorrak aipatu ditu sailburuak, kasu batzuk deskribatzean. Ez du eman pertsona migranteen aurkako eraso polizialen kopuruari buruzko informaziorik.

EZ DAGO IRUZKINIK
OSZAR »