AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Euskal Herriko torturatuak (X)
2025/05/30 13:50

Nazio Batuen Erakundeko Torturaren aurkako Batzordeak (CAT) ebatzi duenez, Espainiako Estatuak Torturaren aurkako Konbentzioa hautsi zuen, ez zituelako behar bezala ikertu Raul Fuentesek, 1991n Bilbon (Bizkaia) atxilotua izan ostean, salatutako tratu txarrak. Giza Eskubideen Behatokiak eta Naiz-ek jaso dutenez, batzordeak ondorioztatu du tortura-zantzu garbiak izan zirela eta "Estatu partaideak" ez zituela zantzu horiek "desegin" edo argitu. Gainera, adierazten du salaketa preskripzio bidez artxibatu izana bateraezina dela egitate horiek nazioarteko zuzenbidearen arabera ikertzeko betebeharrarekin.

Egun Martuteneko (Gipuzkoa) espetxean preso dagoen Fuentesek salatu zuen tratu txar fisiko eta psikologiko ugari jasan zituela atxiloaldian, besteak beste, "arkatzen tortura" delakoa; hau da, hatzen tolesetan arkatzekin presioa egitea.

Atxilotua izan eta Espainiako Auzitegi Nazionaletik igaro bitartean egindako bost txosten forentseek biktimaren adierazpenekin bateragarriak ziren sintomak dokumentatu zituzten; hala nola kolpeak, parestesiak eta antsietatea. Fuentesek 1991ko ekainean berretsi zuen bere salaketa, baina Baltasar Garzon epaileak, Espainiako Estatuko ezkerraren magistratu maiteak, salaketa atzera bota zuen, eta ez zen neurri judizialik hartu.

2014an, Londresko Auzitegi Nagusiko Justice Foskett epaile britainiarrak honakoa ondorioztatu zuen: "Ez-probablea baino probableagoa da [Fuentesek] arkatz bidezko tratamendua deitu dudana pairatu izana". NBEren Batzordeak, gainera, auzia artxibatu izana ere leporatu dio orain Espainiako Estatuari, gogoraraziz, nazioarteko araudiaren arabera, tortura preskribaezinezko krimena dela. Hortaz, bere txostenean, CATek azpimarratzen du "agintariek artxibatu" egin zutela biktimak jasandako torturari eta tratu txarrei buruz jarritako salaketa, nahiz eta torturak pertsonarengan uzten dituen ondorio iraunkorrek preskripzioa aplikatzea eragozten duten.

Giza Eskubideen Behatokiak gogora ekarri duenez, CATek Madrili eskatu zion, 2023an, Euskal Herrian 1960 eta 2014 artean izandako torturen eta tratu txarren 5.379 lekukotza dokumentaturi buruzko ofiziozko ikerketak irekitzeko. Raul Fuentesi buruzko ebazpenak bat egiten du CATek antzeko kasuetan hartutako jarrerarekin, hala nola Encarni Blanco, Kepa Urra eta Orkatz Gallastegiren kasuetan.

Behatokiak uste du, hala, azken adierazpenak indartu egiten duela Espainiako Justiziak preskribatutzat jotzen dituen kasuak ikertzeko beharra. Hala, datorren asteartean egingo du agerraldi bat Bilbon, eta hurrengo urratsen berri emango du. Olivier Peter abokatu suitzarrak hartuko du parte prentsaurrekoan, Fuentesen legezko ordezkari eta Behatokiaren Aholku Batzordeko kide dena.

EZ DAGO IRUZKINIK
OSZAR »