AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EFE/EITB-ren bidez
2025/05/19 11:58

Israelgo Estatuaren okupazio-armadak iragarri zuen lurreko erasoaldi berri bati ekingo ziola Gazako Zerrendan, Gedeonen Gurdiak izeneko interbentzioaren bidez. Aldi berean egingo ditu eraso militarrak Palestinako enklabe horren iparraldean eta hegoaldean. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 107 pertsona erail zituzten sionistek igande gauerditik eguerdira bitartean; eta Munir Al Bursh bozeramaileak zehaztu duenez, 28 biktima izan ziren iparraldean, zortzi Gaza hirian, 21 erdialdean eta 50 hegoaldean.

"Azken egunean, Hegoaldeko Komandoaren pean zeuden tropek, zerbitzu aktiboan dauden langileak eta erreserbistak barne, lurreko operazio handiak hasi dituzte Gazako Zerrendaren iparraldean eta hegoaldean", adierazi zuen armada sionistak, EFEk jaso duen ohar batean azaltzen denez. Hainbat egunez etengabeko bonbardaketak egin ondoren etorri da erasoaldia. Bonbardaketa horien bitartez, Palestinako biztanleria gosetuaren kontra oldartu da estatu sionista, setiatutako eremu osoan.

Atzoko biktima guztiez gain, Israelgo Estatuak beste 153 palestinar erail zituen joan den larunbatean. Bonbardaketa hilgarrienetako bat desplazatuen kanpaleku batean izan zen, Mawasin, Kuwati ospitaletik gertu. Gutxienez 34 pertsona hil zituzten, gerra-hegazkinek egindako aire-erasoen ondorioz. Horren ondoren, aipatutako ospitaleak bere zerbitzu kirurgikoak eten behar izan zituen, instalazioetan jasandako kalteengatik.

53.000 hildako baino gehiago 2023ko urritik, eta Palestinako Erresistentzia irmo

Azken operazioa Deir al Balah hirira (erdialdean) ere zabaldu dute sionistek, 2023ko urriaren 7tik hona, Israelgo Armadak lurrez hartu ez duen eremu bat. Egun horretatik, entitate kolonialak Gaza sarraskitzeko estrategia biziagotu du, Palestinako Erresistentziak urriaren 7 horretan egindako kolpe historikoari erantzuteko. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, orduztik, zuzeneko indarkeriaren ondorioz 53.300 pertsona baino gehiago erail dituzte sionistek Gazako Zerrendan.

Hala ere, 2025eko maiatzean, Palestinako Erresistentziak Israelgo indar armatuen aurkako segadak areagotu ditu Gazan, bereziki Rafah hirian. Maiatzaren 8an bi soldadu israeldar hil eta hainbat zauritu zituzten, RPG bidezko eraso baten eta eraikin baten erorketaren ondorioz. Gainera, Gazako iparraldean, hainbat tranpa lehergarri eta ustekabeko eraso jasan dituzte soldadu sionistek, eta horrek zehaztu gabeko baja kopuru bat eragin du haien artean.

Palestinarren erresistentzia-taktika horiek lehergailu inprobisatuen erabilera eta tuneletan eta eraikinetan defentsarako posizioak hartzea barne hartzen dute, Israelgo Estatuko iturri ofizialek eta nazioarteko hedabideek (Infobae, El PaĆ­s eta All Israel News) berretsi dutenez.

EZ DAGO IRUZKINIK
OSZAR »