Kaletik Gaztetxera asanbladak astearte honetan jakinarazi zuen Gaztetxe berria eskuratu duela martxan Durangon (Bizkaia), Montorreta kalean. Asanbladako kideek agerraldi bat egin zuten atzo arratsaldean, eta azaldu zuten hainbat helbururekin ireki dutela espazioa: "irabazi kapitalistek ardaztuko ez duten aisialdi eredua sustatzeko", "denontzat eskuragarriak izango diren arte eta kirol eskaintzak egiteko", eta "gazteon politizaziorako zein antolakuntza politikoa sustatzeko" espazio gisa.
"Borroka tresna" modura ulertzen dute, beraz, Gaztetxea. Gainera, prentsaurrekoan esan zuten ez dutela Gaztetxean "inolako eraso faxista, matxista, arrazista eta LGTBIQ+foborik onartuko", eta "horiei aurre egiteko baldintzak sortuko" dituztela bertan, "gorakada erreakzionarioari" aurre eginez.
Eraikinaren jabeetako batzuen eta udalaren jarrera
Atzoko agerraldian jakinarazi zuten hainbat jabe dituela Gaztetxe bilakatutako eraikinak, eta jarrera desberdina hartu dutela kasuan kasu: "Eraikinaren jabeetako batzuek, beste zenbaitek elkarrizketarako borondatea erakutsi badute ere, eraikinetik bota nahi gaituzte elkarrizketari ateak itxiz".
Bestalde, Mireia Elkoroiribe jeltzalearen udal-gobernuari dagokionez, "publikoki herriko gazteen arazoei erantzuteko promesak egiten dituen arren, abenduan egin zuen moduan, bere baliabide guztiak erabiltzen ari da gazteen antolakuntza oztopatzeko". Izan ere, badirudi alkatea "eraikinaren jabeei presioa egiten" ari dela salaketa jarri dezaten, eta, "Poliziaren bidez, Kaletik Gaztetxera asanblada espaziotik kanporatzen saiatu" zela asteartean bertan. "Gazteon erantzunari esker, Gaztetxeari eustea lortu dugu", aldarrikatu zuten atzokoan.
Manifestazioa bihar eta epaiketa azkarra hilaren 25ean
Hurrengo asteazkenean, ekainaren 25an, epaiketa azkar batean deklaratu beharko du asanbladako kide batek, Gaztetxearen birjabetzearen harira. Horrez gain, Gazte Eguna antolatzen ari dira biharko, eta, egitarauaren barruan, deialdi bereziki garrantzitsu bat egin dute: Durangoko Gaztetxearen aldeko manifestazio bat izango da arratsaldeko 18:00etan, Gaztetxetik bertatik hasita.
Asanbladak beharrezkotzat jo du "Gaztetxeen aldeko elkartasuna antolatzea" eta "jabetza pribatua babesten dutenen aurrean tinko erantzutea", eta dei egin diete Durangoko gazteei mobilizaziora batzera.