Jon Mirena San Pedro preso politikoak aurten bete ditu 30 urte kartzelan. Espainiako Estatuan iaz onartutako lege-erreforma dela-eta, kalean behar luke dagoeneko, beste hainbat preso politikoren moduan. Izan ere, 7/2014 Lege Organikoaren aldaketarekin, zigorren zenbaketa bikoitza baliogabetu zuten Espainiako Estatuan, eta teorian, aurrerantzean kontuan hartuko dituzte preso politikoek Frantziako Estatuan gatibu igarotako urteak. San Pedro deustuarraren eta beste hainbat presoren kasuan, ordea, ez dute erreforma aplikatu oraingoz, eta espetxean mantentzen dituzte.
Jonen Lagunak plataformak, hala, mobilizazio-deialdi bat egin du igande honetarako, ekainaren 1erako. Goizeko 11:00etan Basauriko (Bizkaia) kartzela aurrean elkarretaratzera deitu du, San Pedroren askatasuna aldarrikatzeko eta "presoen salbuespen-egoera" salatzeko.
1991n atxilotu zuten deustuarra, ETAren Bizkaia komandoarekin lotuta. Epaiketarik egin gabe jarri zioten lau urteko behin-behineko kartzelaldia, baina 1995ean utzi zuten aske. Ihesera jo zuen orduan, baina 1999an atxilotu eta espetxeratu zuten berriz, Frantziako Estatuan. 2004an Espainiaratu zuten, eta 2023tik daukate Basauriko presondegian.