Israelek Amerikako Estatu Batuetan duen enbaxadako bi funtzionario hil dituzte tiroz bart, asteazken gauean, Washingtongo Juduen Museoaren aurrean. Hainbat iturriren arabera, Elias Rodriguez izeneko gazte estatubatuar batek egin du erasoa: enbaxada sionistakoak Juduen Museoko ekitaldi batetik irteten ari zirela, tiro egin zien Rodriguezek. "Palestina aske!" oihukatzen ari zela atxilotu dute polizia-indarrek.
Ted Deutch Amerikako Juduen Batzordeko (AJC)
zuzendari exekutiboak ABC-ri baieztatu dionez, bere erakundea ekitaldi
bat egiten ari zen museoan erasoaren unean. FBI inteligentzia-zerbitzuak Washingtonen daukan
bulegoa ere tiroketa izan den tokitik gertu dago.
Poliziak ingurura hurbiltzea ekidin dezatela eskatu die herritarrei, eta Israelgo Enbaxadarekin lanean
ari dela adierazi.
Isaac Herzog Israelgo presidentearen hitzetan, gertaera "gorrotozko eta antisemitismozko ekintza arbuiagarria izan da". Bestalde, Danny Danonek, Israelek Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak, "terrorismo antisemitarekin" lotu du ekintza. Gideon Saar Israelgo Kanpo Arazoetako ministroak esan du, gainera, diplomazialari israeldarrak "arrisku handian" daudela, eta AEBetako agintariekin harremanetan daudela azken gertakaria dela-eta.