AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / @itsbuddhadebpan (X)
2025/05/07 09:56

Indiak aire-erasora jo du Pakistanen maiatzaren 7an, goizaldean. Sindoor Operazioa delakoaren baitan, misilekin egin ditu hainbat eraso bederatzi kokalekutan, bai Pakistanen bai Islamabadek administratutako Kaxmirko eskualdean. Indiako Gobernuaren arabera, helburua "azpiegitura terroristei" eraso egitea zen.

Kaltetutako eremuen artean Muridke hiria dago, Pakistango Punyab probintzian. Indiako Kanpo-Arazoetako Ministerioak "balizko eraso berriei aurrea hartzeko" ekintza gisa justifikatu du operazioa, "berehalako eraso batzuei buruzko inteligentzia-informazioa" jaso ostean, Vikram Misri Atzerri-Gaietarako idazkariak New Delhin emandako prentsaurrekoan adierazi duenez.

Pakistanek, bestalde, jakinarazi du gutxienez zortzi pertsona hil eta 35 zauritu direla misil bidezko erasoetan. Erantzun gisa, Islamabadek bere aire-defentsa aktibatu du eta Indiako bost aireontzi eraitsi dituela esan du. Informazio hori ez dute baieztatu New Delhiko agintariek, ordea.

Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroaren hitzetan, erasoa ez da aurrez "probokatutakoa" izan baina herrialdeak "irmo erantzungo du". Al Jazeera-ko iturriek jakitera eman dutenez, identifikatu gabeko aireontzi bat ere erori da eskola batetik gertu Srinagar inguruan, Indiak kudeatzen duen Kaxmirko eskualdean, baina ez dute argitu eraitsitako hegazkinetako bat ote zen.

Bi aste lehenago, apirilaren 22an, Indiak administratutako Kaxmirko eskualdean, Pahalgam hirian hain zuzen ere, eraso bat jasan zuten, eta hainbat turista hil ziren bertan. Pakistanek babestutako ustezko talde armatu batzuei leporatu zien atentatua New Delhik, baina salaketa hori errefusatu zuen Islamabadek. Indiaren arabera, azken orduetan erasotako helburuen artean daude Lashkar-e-Taiba taldearen ustezko base batzuk. Apirileko atentatuan parte hartzea egotzita seinalatu zuen talde hori New Delhik, eta Amerikako Estatu Batuek "erakunde terrorista" izendatu zuten.

Bien bitartean, Indiako Gobernuak eta oposizioak, Indiako Kongresu Nazionaleko liderrak barne, Indar Armatuei babesa erakutsi diete publikoki. Txinak eta Arabiar Emirerri Batuek "eustera" eta "elkarrizketara itzultzera" deitu dute, bi potentzia nuklearren arteko igoera berri baten arriskuak markatutako testuinguru batean.

EZ DAGO IRUZKINIK
OSZAR »