Datorren ekainaren 3an, pertsona bat epaituko dute Bilboko (Bizkaia) Zigor Arloko 3. Epaitegian, duela ia bi urte, udaltzainen tratu txarrak jasaten ari zen kaleko saltzaile bat defendatzeagatik. Fiskaltzak 2.000 eurotik gorako isuna, 2.000 eurotik gorako kalte-ordaina eta urtebeteko kartzela-zigorra eskatzen baditu ere, udaltzainetako bat ordezkatzen duen akusazio partikularrak are zigor eskaera altuagoa egin du auzipetutako emakumearentzat: 3.000 euro baino gehiagoko kalte-ordainaz gain, hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du, agenteari "eraso egitea" eta "lesioak eragitea" leporatuta.
2023ko abuztuaren 9an izan ziren gertakariak. Bilboko Kale Nagusian, enegarrenez, kale-salmentan ari ziren pertsona batzuen kontra jo zuen udaltzaingoak, eta haietako baten aurkako tratu bortitza ikusita, bera babestu zuen orain auzipetuta dagoen emakumeak. Hain zuzen ere, kaleko saltzailea indarrez atxilotu nahian ari ziren udaltzainak, modu itogarrian, eta jazarria izaten ari zen gizonari babesa ematen saiatu zen auzipetua. Azkenean, bera atxilotu zuen Poliziak, eta "agintaritzari eraso egitea" egotzi zioten: udaltzainetako bati buruan ostikada bat eman ziola esan zuten bertsio polizialean.
Gerora sare sozialetan argitaratutako bideo batek, baina, polizia-indarren bertsioa gezurtatu zuen. Irudietan ageri da emakumeak nola egin zien errieta udaltzainei, kaleko saltzailearen aurka erabiltzen ari ziren biolentziagatik; baita haien artean izan zen tirabira ere, poliziek manteroa ito ez zezaten sartu baitzen tartean emakumea. Baina ikusten da nola ez zien agenteei eraso egin.