Baztango zazpi pertsona epaitzen ari dira Iruñean (Nafarroa), 2021ean, Aroztegian martxan jarri nahi zuten makroproiektu txikitzailearen aurka mobilizatzeagatik. Palacio de Arozteguia FM enpresak uko egin dio fiskalak egindako akordio proposamenari, eta, beraz, epaiketa izaten ari da dagoeneko. Bitartean, elkarretaratze bat egiten ari dira Nafarroako Justizia Auzitegi kanpoan, epaituak izaten ari diren pertsonekin elkartasunez eta haien absoluzioaren alde.
Zigor ikaragarri altuak eskatzen dituzte auzipetuentzat, hogei urterainoko kartzela-zigorrak eta 56.000 eurotik gorako isunak, hain justu. Izan ere, larria da haien aurka mahaira atera duten akusazioa ere: "talde kriminal" bateko kide izatea leporatzen diete, Aroztegiko obrak eteten saiatzeko protesta-kanpaldi batean parte hartzeagatik.
Bost eguneko egitaraua
Ostiralera arte luzatuko da epaiketa Iruñean, eta egun hauetan epaitegi aurrera bertaratzera deitu du Aroztegiko Elkartasun Komiteak. Horri lotuta, bost eguneko egitaraua antolatu du bertan: lurraren defentsari buruzko mahai-inguru bat egingo dute gaur, euskarari eta kulturari buruzko beste bat bihar, sindikalismoaren inguruko bat asteazkenean, eta pentsioei eta gazte-mugimenduari buruzko bat ostegunean; auto-karabanak egingo dituzte egunero Elizondotik Iruñeraino; babes-keinuak bilduko dituzte, eta abar.