Presidente berria dauka jada Bizkaiko patronalak, Cebekek. Lidergorako bi hautagai izan dira lehen aldiz, Guillermo Buces eta Nuria Lekue, baina atzo jakin zen Buces izango dela hurrengo zuzendaria. Izan ere, patronalak atzo egin zuen hauteskunde-asanblada Bilboko (Bizkaia) Euskaldunan, eta hor izendatu zuten buru berria. 2021etik orain arte, Carolina Perezek gidatu du Cebek.
Bizkaiko Arte Grafikoen Elkarteko presidentea da Buces, baita etiketak ekoizten dituen Biolid Industrias Gráficas enpresaren sortzailea eta burua ere. Lekuek, berriz, Estación de Servicio Galindo familia-enpresa zuzentzen du, eta Bizkaiko Zerbitzugune Elkarteko (Estaserbi) presidentea da.
Cebekek atzo egindako bileran (138 enpresaburuk osatzen dute patronaleko Asanblada Orokorra) Zuzendaritza Batzorde berria hautatu zuten. 32 pertsonak parte hartzen dute batzorde horretan, eta 22 aurrez aukeratuta zeuden dagoeneko (tartean Buces bera), elkarteen ordezkaritza ziurtatzeko ezarrita dagoen sistema dela-eta. Atzo, beraz, zuzendaritzako gainerako hamar kideak zein izango diren zehaztu zuten, baita patronalaren arduradun nagusia ere. Bucesek lau urte daramatza Zuzendaritza Batzordean, eta bera da gaur egungo lidergoak babesten zuen hautagaia.
Enpresaburuen eta lehendakariaren hitzaldiak
Hautatua izan eta bere lehenengo hitzaldian, Bucesek adierazi zuen enpresaren eta sindikatuen arteko harremana "aldatu" nahi duela, "zaharkituta" dagoelako: "Konfrontazioak ez du inora eramaten". Hala, patronalaren lanari fidel eusteko konpromisoa erakutsi zuen: "Ideia ez da berriro hastea, egiten ari garen guztiarekin jarraitzea eta aurrera egiten segitzea baizik". Lanerako lau ardatz markatu zituen, bestalde: "talentuari eustea", "berdintasuna" bultzatzea, "lan-absentismoari" aurre egitea eta "eremu guztietan eta sindikatu guztiekin elkarrizketa bultzatzea".
Cebekeko aurreko presidentea, Perez, hainbat auziren inguruan izaten ari diren negoziaketetako "injerentziez" kexu zen ekitaldian, erreferentzia eginez lanaldiaren murrizketari edo Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatari, adibidez. "Posizionatu egin behar gara eta enpresa-sarea defendatu behar dugu", zioen kargua uztean.
Imanol Pradales lehendakari jeltzaleak ere parte hartu zuen Euskaldunako saioan, eta hitza hartu zuen. Patronalari eskatu zion elkarrizketaren alde egin dezala, "marra gorririk gabe". "Lan-baldintzen, kontziliazioaren edo lan-osasunaren" inguruan hitz egitera bultzatu zuen, baina langile-borroka seinalatuz aldi berean. Galdegin zuen, hain justu, ea "zer mezu ematen dioten gizarteari gerra eta konfrontazioa aktibatzen duten horiek, negoziazio-mahaian esertzeko lehen urrats modura".