Borrokan segitzen dute Gasteizko (Araba) parkeetako eta gune berdeetako lorezaintzako langileek. Atzo egin zuten bilera bat beharginen ordezkariek eta Enviser enpresak, azken horrek Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza eskatu ostean, Lan-Gatazkak Konpontzeko Borondatezko Prozeduraren (PRECO) bidez. Hala ere, ez dago akordiorik mahai gainean, eta langileen exijentziak aintzat hartu gabe jarraitzen du Enviserrek. Datorren asteazkenean izango da hurrengo bilera.
Horiek horrela, grebari eusten dio plantillak, lan-baldintzak hobetzea bermatuko duen itun propio baten alde. Martxoaren 26an ekin zioten grebari, erabat prekarioak diren lan-baldintzen aurka: Lanbide arteko Gutxieneko Soldatara (LGS) oso larri iristen diren ordainsariak dituzte, lanaldi luzeak, eta abar luze bat. Ia 90 beharginek jarduten dute lorezaintzan Enviser enpresaren bidez azpikontratatuta, eta bi hilabetetik gora daramatzate greban, maiatzaren 26an manifestazio baten bidez aldarrikatu zutenez.
Badirudi, bitartean, PSOE buru duen udala plantillaren greba-eskubideari eraso egiteko prestatzen ari dela: "hiriko espazio publikoetan osasungarritasun, garbitasun eta segurtasuneko oinarrizko baldintza batzuk mantentzea" aitzakiatzat hartuta, grebalariei zer nolako zerbitzu minimoak ezarri ahal dizkien aztertzen ari omen da.