Bilbon (Bizkaia) batu dira borrokan ari diren hainbat Gaztetxetako eta Gazte Asanbladetako kideak, agerraldi bateratu bat egiteko. Hala, Gaztetxeen aldeko borrokan azken asteetan jasandako errepresioa eta kriminalizazioa salatu dituzte, Gaztetxeen beharra erreibindikatzeaz gain. Horretarako, apirilaren hasieran Bilbon bertan izandako desalojo bat hartu dute adibide modura: Errekaldeko Etxarri II Gaztetxearen desalojoa, hain justu. "Desalojo egunean babesa erakustera gerturatu ziren ehunka lagunen aurka gogor oldartu zen Polizia", gogorarazi dute, dozenaka zauritu eta identifikatu, lau atxilotu eta pilotakada batekin ospitaleratutako pertsona bat izan zirela zehaztuz.
Errekalden gertatutakoa abiapuntutzat hartuta, prentsaurrekoan seinalatu dute "argi geratu" dela zein den polizia-indarren eginkizuna: "Polizia gazte langileon aurkako Estatuaren erreminta zapaltzailea da. Bere funtzioa gure borondate iraultzailea zapaltzea da, eta gazte langileon antolakuntzaren eta Gaztetxeen aurka biolentziaz eta inpunitate osoz jarduten du". Horiek horrela, berriz adierazi diete elkartasun osoa Gaztetxeen defentsan "Poliziaren errepresioa pairatu duten gazte guztiei".
Etxarriren desalojoaz gain, errepresioaren beste hainbat adibide aipatu dituzte: "[Igorreko] KiƱu eta [Zornotzako] Matrailu Gaztetxea ere desalojo arriskuan daude, Durangon okupatu zen Gaztetxearen ondorioz lau kide epaituak izan dira, [Sestaoko] Txirbilenea desalojatu dute, [Irungo] Moskuko Gaztetxearen okupazioaren ondorioz isunez josi dituzte Bidasoko Gazte Langileon Asanbadako kideak, eta abar".
Prentsaurrekoan bildu direnek seinalatu dute "instituzioetan gotortutako politikariek" ez dituztela Gaztetxeak eta bertan egiten den lan politikoa gustuko: "Batzuk zuzenean Gaztetxeak indarraren bitartez ezabatzearen alde daude. Beste batzuk, aldiz, soilik beraien interes elektoraletarako balio dieten gazte-proiektuak nahi dituzte". Horiek horrela, "kriminalizazioaren eta errepresioaren bidean sakondu duten bitartean", "enpresarien, bankarien nahiz espekulatzaileen interesak babesteak, politikarien eskuetatik etorritako okupazioaren aurkako legeak, Zigor Kodearen erreformak eta abarrek Gaztetxeak bezalako proiektu autonomoak garatzeko aukerak murriztu dituzte", gazteek ohartarazi dutenez.
Borrokak merezi du
Hala ere, "Gaztetxeen defentsan kaleak hartzen jarraitzeko deia" egin dute gaurkoan. Nabarmendu dute azken asteetan erakutsi dutela "borrokak merezi" duela: "Horren adibide garbia dugu Burlatan espazio bat mantendu izana, edo Gernikan Gaztetxea berreskuratu izana. Hori guztia ez litzateke posible izango egindako lan guztia egingo ez balitz, ez eta herri ezberdinetako ehunka eta ehunka gazte langileon babesik gabe". Aldarrikatu dutenez, "borroka horiek guztiek erakutsi digute badagoela elkartasun erreal bat Gaztetxeen proiektuaren atzean, eta bide horretan harremanak estutzen, saretzen eta indarrak batzen jarraitzeko deia luzatu nahi genuke".
Gaztetxeen gaurkotasuna eta beharra
"Agerraldi hau probestu nahiko genuke Gaztetxeen gaurkotasunaz hitz egiteko eta Gaztetxeen aldeko deia egiteko", azaldu dute bestalde. "Edonork daki egungo gizarte kapitalistak krisian daudela, zentzu ekonomikoan, politikoan
edo kulturalean, eta gazte langileok horren guztiaren ondorioak pairatzen ditugu", zehaztu dute. Eta horren isla gisa nabarmendu dituzte, esaterako, "langabezia eta lan-baldintza prekarioak, plataforma digitaletan gazteoi bideratzen dizkiguten mezu arrazistak eta matxistak, eta horrekin guztiarekin batera indartzen ari diren joera faxistak". "Hori gutxi balitz, Europako mandatarien diru-goseak gerrarako arriskua handitzen ari dira, eta horrek etorkizun beltz batera kondenatzen gaitu", gaineratu dute.
Uste dute, egoera horretan, beharrezkoak direla "gazte langileok testuinguru erreakzionario horri aurre egiteko bitartekoak", eta "horretarako espazio aproposak" direla Gaztetxeak. "Balio aurrerakoietan oinarritzen diren gazte langileon guneak dira Gaztetxeak, eta Euskal Herriko gazte langile askorentzako eskola politikoak eta kulturalak dira, bertan ikasi baitugu eztabaidatzen, erabakiak hartzen, pentsamendu kritikoa garatzen, ekimenak antolatzen, espazioak mantentzen, langile-klasearen alde borrokatzen eta abar luze bat", jarraitu dute.
Hortaz, "gorakada erreakzionarioari aurre egiteko" borondatea erakutsi dute gaur bildutako Gaztetxeetako eta Gazte Asanbladetako kideek: "Inposatu nahi diguten ideologia belizistaren eta ideia erreakzionarioen aurka irmo borrokatuko dugu. Erasotzaile matxistak, arrazistak, talde faxistetako pertsonak eta antzekoak ez dira ongi etorriak Gaztetxean".
Gaztetxeetan antolatzeko deia
"Zapaltzaileei ateak ixten dizkiegun bitartean, herrietako zein auzoetako gazte langileei irekitzen dizkiegu, bai eta langile-kolektibo ezberdinei ere", xehatu dute agerraldiaren amaieran: "Gaztetxeek parte hartzen dugu gure herrietako eta auzoetako langileen borroketan; proiektu kultural zein sozialen arkupea gara; kultur- eta aisialdi-eredu merkantiletik eta komertzialetik harago eskaintza zabal eta oparoa garatzen dugu; eta, hori guztia, modu autogestionatuan". Hala, Gaztetxeen aldeko aldarri ozen bat egin dute, eta dei egin diete Euskal Herriko gazte langileei "Gaztetxeetara hurbiltzera,
antolatzera eta horien alde borroka egitera".