AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Jose Manuel Albares (X)
2025/05/23 08:49

Amerikako Estatu Batuetako estatu-idazkariak, Marco Rubiok, gastu militarra Barne Produktu Gordinaren (BPG) %5era igo dezala eskatu dio Espainiako Gobernuari. Izan ere, atzo bildu zen Espainiako Kanpo Arazoetako ministroarekin, Jose Manuel Albaresekin, Washingtonen egindako lehen bilera ofizialean, eta bertan egin zion eskaera. Bilkuran, besteak beste, "Gazan laguntza humanitarioa sartzeko" eta "Ukrainan bakea lortzeko" aukerak aztertu zituzten, EFE agentziak AEBetako hiriburutik jakinarazi duenez.

Albaresek erantzun zuen Espainiako Estatuak "ahalegin handia" egin duela inbertsio militarra BPGaren %2ra hel dadin, eta adierazi zuen "eztabaida, une honetan, gaitasunetan oinarritu behar dela". Gazako egoerari dagokionez, blokeoa hausteko eta laguntza humanitarioa "eragozpenik gabe" sartzea errazteko beharra adierazi omen zion Rubiori, AEBei eskatzeaz gain Israelgo Estatuan duen eragina erabil dezala.

"Estatu Batuak oso herrialde garrantzitsua dira, funtsezkoa munduan, eta pisu politiko eta diplomatiko handia dute", zioen Albaresek, Espainiako Enbaxadan emandako prentsaurrekoan. Ministroak baztertu egin zuen Israelgo enbaxadorea kontsultetara deitzea, eta azaldu zuen "Espainiak berezko nortasuna duen eta subiranoa den kanpo-politika" bat duela.

Bilera horretan, bi diplomazialariek gaitzetsi zuten Israelek AEBetan duen enbaxadan gertatutako erasoa, atxilotu zutenean, "Palestina libre" oihukatu zuen gizon batek egindakoa. Rubiok "erradikaltzat" jo zuen erasoaren egilea, eta esan zuen jazotakoak agerian uzten duela herrialdean dagoen "erradikalizazio maila". Albaresek "doluminak eta gaitzespen zorrotza" erakutsi zituen, eta "antisemitismo eta basakeria" gisa deskribatu zuen erasoa.

NATOk ekainaren 24an eta 25ean Hagan egingo duen hurrengo goi-bileran, aliatuen arteko gastu militarraren banaketari buruzko eztabaida berriak izango dira.

EZ DAGO IRUZKINIK
OSZAR »