PSE-EE eta EAJ alderdien arteko tira-biren erdian, EH Bilduko idazkari orokor Arnaldo Otegik ere asteartean izan zuen hizpide migrazioa, EITBn eskainitako elkarrizketa batean. Otegik azaldu zuen "arinkeriaz" hitz egiten ari direla gaiari buruz, eta eztabaidari heltzeko galdera batzuk egin zituen: "Zer gertatuko litzateke, bihar, herrialdeko BGPari ekarpena egiten dioten immigranteek alde egingo balute? Nork zainduko lituzke gure pertsona nagusiak? Nork zerbitzatuko lizkiguke kafeak terrazetan? Nork garbituko lituzke gure mendiak?".
Pertsona migratuak lan-esku merke gisa erreibindikatuta, harago ere joan zen EH Bilduko burua: "Guk egin nahi ez ditugun lanak egiten ari dira hemen immigranteak, eta hori ez da jada Euskal Herrian bakarrik gertatzen den zerbait; hainbat hamarkadatan gertatu da Europan".
Bestalde, Otegik adierazi zuen modu bereizian hitz egin behar dela migrazioaren eta segurtasunaren inguruan, bestela, "segurtasun-arazoek pertsona migranteei bakarrik eragiten dietela" ematen delako ulertzera. Horrez gain, "eskumen subiranoak" aldarrikatu zituen, "harrera euskal ikuspegi nazionaletik eta giza-eskubideen ikuspegitik egin ahal izateko migrazio-politikak" aplikatzeko; eta defendatu zuen, "elkarren artean borroka egin beharrean, jadanik hiru lurraldeetako parlamentuan onartuta dagoen immigrazioari buruzko ituna aplikatu" beharko litzatekeela zuzenean.
Otegiren adierazpenek sortutako polemikaren ostean, LABeko koordinatzaile nagusia, Igor Arroyo, atzo saiatu zen migrazioari buruzko kontrako jarrera azaltzen, Euskadi Irratian hitza hartzean. "Askotan, eskuinetik dauden mezuak kontraesankorrak dira. Behar ditugu [pertsona migranteak], baina ez ditugu nahi, ez ditugu maite. Edo nahi dugu erregularizatzea dena, baina, era berean, [egoera] irregularrean dauden horietatik probetxua aterako dugu; etxeko langile bezala edo landa-eremuan lanean izango ditugu, eta ongi etorriko zaigu paperik ez izatea", zioen Arroyok. "Itxurakeria eta hipokrisia hori amaitzera" deitu zuen.
Diana Urrearen hitzaldia
Hilabete honetan bertan, hautsak harrotu ditu EH Bilduko parlamentari Diana Urreak Eusko Legebiltzarrean egindako hitzaldiak: sare sozialetan, adibidez, nabarmenak izan dira Urreari egindako kritikak, baita Ezker Abertzaletik ere. Honakoa zioen politikariak Legebiltzarrean, migrazioaren erregularizazioa aldarrikatzean: "Gaur egun, euskaldun ["vascos y vascas" zioen Urreak] izatea eskola bereko jolastokian wolof, arabiera, hassania, quechua eta euskara hitz egitea ere bada".