AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Getty Images
2025/06/03 08:38

Turkiaren bitartez, Errusiako Gobernuak atzo eman zion memorandum bat Ukrainari, su-eten baterako eta aldi baterako armistizio baterako proposamena jasotzen duena. Dokumentuak, TASS agentziak eta Europa Press-ek baieztatu dutenez, bi fase ezartzen ditu liskarrak eteteko.

Lehen etapan, bi eta hiru egun arteko su-etena aurreikusten da, hainbat eremutatik gorpuak berreskuratzeko eta Errusiak milaka militar ukrainarren gorpuzkiak entregatzeko. Ondoren, Ukrainak bi su-eten ereduren artean aukeratu beharko luke: 30 eguneko bat, Luhansk, Donetsk, Jerson eta Zaporiyia eskualdeetatik bere indar militarrak erabat erretiratzearen baldintzapean, edo beste aukera bat, publikoki zehaztu gabeko hamar neurriko pakete bati lotuta.

Vladimir Medinski negoziatzaileak, Istanbuleko negoziazio-txandan Errusiako ordezkaritza gidatzen ari denak, adierazi du memorandumak "epe luzera benetako bakea nola lortu eta legearen su-eten guztiak posible egiteko zein neurri hartu behar diren" jasotzen duela.

Agiriak eskatzen du, bestalde, Ukrainak lege martziala indargabetzea eta presidentetzarako hauteskundeak eta hauteskunde legegileak egitea, lege hori bertan behera utzi eta 100 eguneko epean. Era berean, Ukrainako lurraldean atzerriko militarren presentzia debekatzea; Mendebaldeko armamentuaren hornikuntza amaitzea; Krimea, Donbass eta Errusia Berria Errusiako Federazioaren zati gisa aitortzea; eta Su-etena Gainbegiratzeko eta Kontrolatzeko Aldebiko Zentro bat sortzea planteatzen du.

Gainera, testuak eskatzen du Ukrainak herrialde neutralaren eta desnuklearizatuaren estatusa hartzea, nazismoaren apologia debekatzea eta errusiar hiztunek osatzen duten gutxiengoaren eskubideak bermatzea. Ukrainako Indar Armatuen tamaina eta armamentua mugatzearen, preso politikoei amnistia ematearen, harreman diplomatikoak eta komertzialak berrezartzearen eta Kievek ezarritako zigorrak kentzearen alde ere egiten du planak. Eta, horrez gain, bake-itun bat sinatzea Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren ebazpen juridikoki lotesle baten bidez onartu beharko litzateke, Errusiaren arabera.

Medinskiren esanetan, Errusiaren azken proposamen hori "ez da ultimatuma", "epe luzerako bakea" bilatzen duen "proposamen integrala" baizik. Ukrainak, oraingoz, ez dio publikoki erantzun memorandumaren edukiari.

EZ DAGO IRUZKINIK
OSZAR »