AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/26 11:09

Pasaiako Portuak martxan jarri ditu Escalerillasen bizi diren bederatzi familiak etxegabetzeko prozedura judizialak, eta euren kontrako epaiketa noiz izango den jakinarazi diete jada familia horietatik bosti: ekainaren 30ean egingo diete epaiketa, Donostian (Gipuzkoa). Horren harira, mobilizazio-deialdi bat egin du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak egun horretarako: goizeko 09:30ean Donostiako epaitegira bertaratzera deitu du, Pasaiako Portuari exijitzeko kaleratze-prozesuak eten ditzala, eta Escalerillaseko bizilagun guztientzat bizitoki-alternatiba bat exijitzeko.

Familia horiek 50 urte baino gehiago daramatzate Escalerillaseko etxebizitza-blokean bizitzen, eta Pasaiako Portua da etxeen legezko jabea. Orain, baina, merkantziak garraiatzeko trenbide bat eraiki nahi dute bertatik, eta etxebizitza-blokea eraitsi eta bederatzi familia etxegabetu nahi dituzte horretarako.

"Kaltetutako familia gehienek ez dute bizitoki-alternatiba egokirik jaso", salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: "Pasaiako Portuak ez die bizitoki-alternatibarik edo konpentsazio ekonomikorik eskaini, etxegabetze-mehatxuak baizik". Hiru familiari "kalte-ordain barregarriak eskaini dizkiete" portuko agintaritzatik, "edo gaur egun beste pertsona batzuk bizi diren etxebizitza batzuetara aldatzea". "Portuak proposatutako alternatiba familia gehiago etxetik botatzea da", dio sindikatuak.

Bizilagunek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, etxegabetze-prozedurak geldi ditzala exijitzen diote portuari, eta berehala negoziazio-mahai bat ireki dezala. "Enpresa pribatu baten onurarako azpiegitura baterako milioika euro badaude, gaur egun etxerik gabe geratzeko arriskuan daudenen etorkizuna bermatzeko baliabideak ere egon behar dira", gaineratu dute.

Interes pribatuak eta ardura instituzionala

"Trenbide berria, Escalerillas eraisteko aitzakia dena, Eusko Jaurlaritzaren funts publikoekin finantzatutako obra da. Azpiegiturak, ordea, logika erabat pribatu bati erantzuten dio: Algeposa enpresaren kostu logistikoak murriztea", salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Gaitzetsi du, hala, "diru publikoa erabiltzen" ari direla "enpresa-interesen alde egiteko", "Portuaren jarduerari urteetan eutsi diotenen etxebizitza-eskubidea arriskuan jartzearen kontura".

Dena den, interes pribatuez gain, askotariko "erantzukizun instituzionalak" ere seinalatu ditu sindikatuak. Pasaiako Udalaren (EH Bildu) ardura azpimarratu du lehenik, hura delako "etxebizitzak eraitsi nahi dituena eta etxegabetzeen erantzule zuzena dena"; baina baita Euskal Trenbide Sarearen erantzukizuna ere, "Escalerillas lursailean trenbidea eraikitzeko arduraduna" bera baita. 

Urte eta erdi baino gehiago borrokan

Escalerillaseko bizilagunek, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eskutik, duela urte eta erdi baino gehiago ekin zioten borrokari. Horren erakusle dira, besteak beste, etengabe egindako asanbladak, elkartasun-jardunaldiak, protestak, iazko ekainean Pasaian egindako manifestazio jendetsua, konponbide bat eskatzeko bildutako 2.000 bat sinadurak, udalean aurkeztutako mozioa, eta abar.

EZ DAGO IRUZKINIK
OSZAR »