Hilabete honetan Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan dute Jokin Aranaldek, Xabier Arinek, Oxel Azkaratek, Idoia Espiasek, Xabier Miguel Ezkerrak eta Lurdes Mendinuetak. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren (EIPK) mintzaidetza publikoaren parte dira seirak, eta Naiz-en hitzetan, "talde terrorista" bateko kide izatea leporatuta, haien aurkako eginbide penalak ireki ditu Auzitegi Nazionalak. Autoan jasotzen denez, EIPK-ren mintzaidetzaren barruan, aipatutako sei pertsonak dira "gaur egun Espainiako Estatuan bizi direnak", eta horrexegatik deitu omen dituzte haiek deklaratzera. Bideokonferentziaz egin zituzten adierazpenak maiatzaren 19an, Donostiako (Gipuzkoa) epaitegitik.
Euskal Herriko iheslari eta deportatu politikoen itzulera sustatzeko asmoz, EIPK-k 2013an sortu zuen hamalau pertsonak osatutako mintzaidetza publiko bat, eta urte horretako ekainean egin zuen aurkezpen-agerraldi bat. Haien lanetako bat zen Espainiako eta Frantziako gobernuetako ordezkariekin hitz egitea, esan bezala, iheslariak eta deportatuak Euskal Herrira bueltatu ahal izatea bultzatzeko. Badirudi, orain, lan horri lotuta zabaldu dituztela eginbideak Aranalderen, Arinen, Azkarateren, Espiasen, Ezkerraren eta Mendinuetaren kontra, baina auzia sekretupean dago momentuz, eta hala mantenduko dute ekainaren 9ra arte gutxienez, Berria-ren esanetan.
Ikertuek orain arte ezagutu duten informazioaren arabera, auzitegia aztertzen ari da ea EIPK-ren mintzaidetzak ETAren zuzendaritzak emandako jarraibideak bete ote zituen, eta ea erakundearen "diziplina organikoaren" arabera jardun ote zuten. Naiz-ek jaso duenez, ETAri 1999. eta 2010. urteen artean atzemandako agiri batzuei erreferentzia egiten die auzitegiak, zabaldu dituen eginbide berrietan.