Krisi humanitarioa are gehiago larriagotzen ari da Gazako Zerrendan, Gazako Fundazio Humanitarioa (GHF) deituriko korporazio pribatuak kudeatzen dituen zentroetan, elikagaiak jasotzen saiatzen ari ziren ehun palestinar baino gehiago erail baitituzte Israelgo Estatuko indarrek. Israelek berak eta Ameriketako Estatu Batuek babesten dute fundazio hori. Tokiko iturrien eta Europa Press agentziaren arabera, gutxienez 115 pertsonak galdu dute bizia maiatzaren 27tik banaketa-gune horietan eta inguruetan, gehienak, armada sionistaren tiroen edo bonbardaketen ondorioz.
GHF aurten hasi da esku hartzen, eta ez du langile eta biltegi propiorik. Azken erasoen ondoren, iragarri zuen aldi baterako itxiko dituela banaketa-zentroak, "gehiegizko pilaketak" izan direla esanez eta instalazioetan gertatutako erasoak ukatuz. Palestinar Errefuxiatuei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) salatu duenez, banaketa-sistema berria, Israelek GHFren bidez ezartzen duena, "zelatatzean oinarritutako errazionamendua da, nahita gabetzeko politika legitimatzen duena".
Erakunde horren esanetan, Gazako biztanleriak, zeinaren erdia adingabeak diren, aurrekaririk gabeko biziraupen-krisiari aurre egin behar dio, lurraldearen %81 zuzeneko okupazio militar baten pean egonik eta elikagaiak eta bestelako oinarrizko hornidurak eskuratzeko aukera biziki mugatua izanik. Duela gutxi Rafahko pasabidetik laguntza-kamioiak sartzeko baimena eman den arren, UNRWAk esan du laguntza hori "tanta" bat dela "beharren itsaso" baten erdian.
Joan den ostiralean, Eid al Adha jai islamikoaren ospakizunean, gutxienez 26 pertsona hil zituzten sionistek Khan Younisen, horietako zortzi laguntza humanitarioa jasotzera zihoazenean. Rafahn eta Jabalian izandako beste eraso sionisten ondorioz, hildakoak 50 baino gehiago izan ziren 24 orduan. Hala, 2023ko urrian Israelek erasoaldia biziagotu zuenetik, 54.000 pertsona baino gehiago erail eta 125.000 baino gehiago larriki zauritu dituzte sionistek, Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera.