EH Bilduk aurreko larunbatean aurkeztu zuen Arabako Mahai Politiko berria, 22 kide izango dituena. Gasteizen egindako aurkezpen-ekitaldian, Eva Lopez de Arroyabe Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Ibon Saturnino Arabako arduradun politikoak hitz egin zuten, eta etorkizunari begirako erronka nagusiak azaldu zituzten.
San Saturninok, "Euskal Herri osoari" egin zion elkarlanerako deia, beste behin ere, euskal burgesiaren ordezkari nagusia den EAJri aipamen zuzena eginez: "Bidea argi daukagu. Eta nahiz eta aste honetan bertan [aurrekoan] EAJren bozeramailea den Diez jauna irrati-elkarrizketa batean Alderdi Popularrari bere sozio potentzial bezala zuzendu, edo atzo bertan [aurreko ostiralean] Ipiñazar andereak Madrilen edo Bruselan ordezkaritza nazionalak erdiesteko bideari ateak itxi, guk bidea argi daukagu. EH Bilduk Euskal Herri osoari eskua zabaltzen jarraituko du gure aitortza nazionalean aurrera egiteko eta garaiko erronkei herri-erantzunak adosteko".
Aurrera begira, arduradun politikoak esan zuen sei erronka nagusi dituela Arabak: "ongizatea eta bizi-proiektu duinak eraikitzeko oinarrizko eskubideak", "aberastasunaren sorrera eta banaketa justua", "trantsizio ekosoziala", "lurralde-oreka eta lurralde-kohesioa", "erronka demografikoa", eta, "faxismoaren gorakadaren aurrean, kultura- eta balio-borroka".
Hauteskundeetara jeltzaleekin batera joateko deia
Espainiako Estatu mailan PSOEren gobernua sostengatzen jarraitzen duen bitartean, EH Bilduk behin eta berriz egiten dio eskutik joateko deia EAJri. Otsailean bertan, bere hirugarren kongresua ixteko ekitaldian, EH Bilduk adierazi zuen besteak beste jeltzaleekin batera aurkeztu nahi duela Espainiako Estatuko eta Europar Batasuneko hauteskundeetara. Bai EAJk, bai Podemosek, bai Sumarrek hauteskunde-zerrenda bateratuak sortzeko proposamenari ezetz esan arren, proposamena defendatzen jarraitu du EH Bilduk.