Europar Batasunaren gastu militarrak gorantz egiten jarraitzen du, eta 326.000 milioi eurora heldu zen 2024an. Zifra hori erkidegoko BPGaren %1,9 inguru da, eta azken hamar urteetan %121 baino gehiago hazi da, Europako Batzordearen datu ofizialen arabera. Gainera, aurreikuspenen arabera, aurrekontua 426.000 milioi eurotik gorakoa izan daiteke 2027a baino lehen.
Iritzi publikoaren aurrean inbertsio militarraren gorakada gaur egungo tentsio geopolitikoei erreferentzia eginez justifikatu nahi bada ere, datuek erakusten dute, Ukrainan gatazka gogortu aurretik ere, nabarmen handitu zela gastu militarra. 2022an, estatu kideen gastu metatuak ia bikoiztu egiten zituen 2012ko balioak.
Gastu motari dagokionez, ekipo berriak erosteko joera nabarmena da, batez ere material militarra baita erosten dena. 2024an inbertsio osoaren %88,2 hartu zuen horrek. Hala ere, ikerketa- eta garapen-jardueretan ere gorakada handiak izan dira, 13.000 milioi euro bideratu baitzituzten iaz partida horietara, inbertsio publikoko planei esker.
Bestalde, ikus daiteke hainbat herrialdek "defentsa-politika" baliatzen dutela merkatu berriak bultzatzeko eta langabezia-tasak murrizteko, arma-negozioa elikatuz. 2023an, Europar Batasuneko industria militarrak %8,9ko igoera izan zuen lanpostu kopuruan (581.000 enplegu), baita 158 800 milioi euroko negozio-bolumena ere. 2021arekin alderatuta, %28ko igoera bat adierazten du horrek.