AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Geuria
2025/05/13 11:32

Bridgestone enpresako zuzendaritzak "azken proposamen" bat egin die Basauriko (Bizkaia) eta Puente San Migueleko (Kantabria) plantillei. Berriz eskaini du kaleratutako beharginen kopurua murriztea, Basaurin 232 eta Puente San Miguelen 188 langile botatzeko, 335 eta 211 beharrean. Hala ere, kaleratze masibo bat egiteko asmoarekin jarraitzen du enpresak, gutxienez 420 langile bota nahi baititu, azken eskaintzaren arabera.

Hasieran, Bizkaiko eta Kantabriako fabriketatik 546 behargin kanporatu nahi zituen zuzendaritzak. Baina plantillek mobilizazio eta lanuzte indartsuak egin dituzte, bi lantegietako ekoizpenak geldituz, eta orduan ekin die enpresak kaleratze kopurua jaisteko eskaintzei. Duela gutxi proposatu zuen kaleratzeen dimentsioa zertxobait murriztea, eta berdin egin zuen atzo (Puente San Migueleko ekoizpen-katalogoa handitzea eta Basauriko ekoizpena areagotzea eskaintzeaz gain, 100.000 estalki gehiago ekoizteko), baina ez du kaleratze kolektiboarekin atzera egiteko asmorik erakutsi.

Horretaz gain, aurretiazko erretiroak bultzatzeko asmoarekin jarraitzen du enpresa-zuzendaritzak, aurreko proposamenean erakutsi zuen modura. Enplegu-erregulazioko espedientetik kanpo geratuko lirateke 53 urtetik gorako langileak, baina aurtengo ekainaren 30erako 55 urte beterik dituzten beharginen kasuan, aurretiazko erretiroa har dezatela sustatuko du enpresak.

Enpresak hitzeman du, bestalde, lan-espedientea ezarriko balitz, ez lukeela beste espedienterik aplikatuko epe motzean. Bi urterako bermea baino ez du ematen, dena den. Bost urteko epean beste espediente bat aurkeztuko balu, gaur egungo espedientean jasotzen diren baldintzak izango lirateke abiapuntua negoziazioan; hala nola, 45 eguneko kalte-ordainak urteko. Maiatzaren 19an bilduko dira berriz enpresako zuzendaritza eta sindikatuak, eta orduan emango diete erantzuna azken eskaintza horri.

EZ DAGO IRUZKINIK
OSZAR »