Berehalako etxegabetze baten berri eman du Iruñerriko (Nafarroa) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: bihar, ekainaren 4an, bikote bat euren etxetik botatzen saiatuko dira Iruñeko Alde Zaharrean. Horiek horrela, etxe-kaleratzeari aurre egiteko deia zabaldu du sindikatuak. Hain zuzen ere, goizeko 07:30erako jarri du hitzordua, San Lorenzo kaleko 17. zenbakian.
Joan den urtarrilaren 30ean, Burlatan, etxegabetze bat geratzea lortu zuen Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Egun horretarako zegoen ezarrita familia baten kanporatzea, bost seme-alaba tartean, baina 200 bat lagun elkarretaratu ziren atarian, kaleratzeari kontra egiteko. Horiek horrela, segizio judizialak ebatzi zuen ez zegoela baldintzarik etxe-kaleratzea gauzatzeko, eta atzera egin zuen.