Amurrioko (Araba) Tubos Reunidosen izandako lan-heriotza argitara atera eta segituan, beste lan-erailketa baten berri izan zen atzo Euskal Herrian. Izan ere, jakinarazi zuten herenegun Atxondon (Bizkaia) galdu zuela bizia behargin batek, Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzeko lanetan. Astelehen eguerdian izan zen, ofizialki heriotzaren berri eman ez badute ere: LABen arabera, pieza handi batek hartu zuen azpian 49 urteko langilea. Azpikontratatutako enpresa batentzat jarduten zuen soldatapean, Conprovial konpainiarentzat hain zuzen.
24 ordu inguruan, gutxienez hiru lan-heriotza izan dira Euskal Herrian: Atxondon eta Andosillan (Nafarroa) astelehen eguerdian (karga bat gainera erorita galdu zuen bizia bertan behargin batek, elikadura-enpresa batean), eta Tubos Reunidosen atzo eguerdian.
Gainera, Atxondon astelehenean jazotako lan-erailketarekin, gutxienez hamahiru dira, AHTa eraikitzeko obrak hasi zirenetik, lanean hil diren beharginak. AHT Gelditu! plataformak deituta, manifestazio bat egin zuten otsailean Iruñean (Nafarroa), AHTa egiten ari diren langileek jasan behar dituzten lan-baldintza miserableak salatzeko. Orduan jakinarazi zuten, momentura arte, hamabi zirela obra horretan hildakoak.