CAF enpresako akziodunek larunbatean egin zuten urteroko batzarra, eta, aurten ere, mobilizazioak izan ziren horren harira, Goierriko konpainia Israelgo Estatuaren konplize gisa seinalatzeko. BDZ mugimenduak, hain zuzen ere, Donostian (Gipuzkoa) antolatu zuen manifestazio bat, CAFi exijitzeko ez dezala Jerusalemgo Tren Arina eraiki.
Larunbat eguerdian izan zen mobilizazioa, Gipuzkoa Plazatik abiatuta: CAF, jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik izan zuen lelotzat. Ibilbidean zehar, sionistekin kolaboratzen duten hainbat enpresa seinalatu zituzten (hala nola Zara, Carrefour edo BBVA banketxea), baita erakunde publikoak ere, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza kasu. Izan ere, aldundiak CAFeko Andres Arizkorreta saritu du berriki, eta Jaurlaritzak, zuzenean, akzioak ditu Goierriko enpresan. Horrez gain, Ertzaintzak Mossad inteligentzia-zerbitzu sionistarekin duen harremana ere salatu zuten manifestazioan. Easo Plazan bukatu zen ibilbidea, "Israel hiltzaile, CAF laguntzaile" oihuen artean besteak beste.
Duela bost urte hasi ziren Jerusalemen trenbidea eraikitzeko lanak, eta joan den martxoan inauguratu zuten lehenengo linea. Inaugurazio-ekitaldian izan zen CAFeko ordezkari bat ere. Proiektu hori, "gaitzesgarria" izateaz gain, "ilegala" dela jakinarazi zuen BDZk larunbatean: "Lur-eremu okupatuetan eraikitzen ari da, eta nazioarteko legediak debekatu egiten du lur-eremu okupatuetan azpiegitura iraunkorrak eraikitzea".
1.800 milioi euro inguruko balioa du Tren Arinaren proiektuak, eta CAFek 500 milioi inguru poltsikoratuko ditu. Gainera, gerora trenaren bi lineetako jarduera kudeatuko duen sozietatean %50eko partaidetza dauka euskal konpainiak, eta 1.000 milioi euro inguruko negozio-bolumena izango duela aurreikusten da.