AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Epaiketa Iruñean, joan den otsailean.
2025/05/15 08:40

Ez da aldeen arteko akordiorik izango, eta datorren astelehenean hasiko da Aroztegiko zazpi auzipetuen kontrako epaiketa. Aroztegiko Elkartasun Komiteak jakinarazi duenez, prozesu judizialean akusazio partikular gisara aurkezten den aldeak, Palacio de Arozteguia SM enpresak, uko egin dio epaiketa ekidingo lukeen akordioari, eta adostasunik gabe emango diote amaiera negoziazioari.

Fiskaltzak iazko azaroan proposatu zuen adostasun bat hiru aldeen artean (fiskaltza bera, akusazioa eta auzipetuak), baina ez du aurrera egin, Palacio de Arozteguiak mantendu egin nahi baititu Baztango zazpi bizilaguni "talde kriminal" baten parte izatea leporatzen dien akusazioa eta erantzukizun zibilari lotutako zigor-eskaera.

Aurreko astean, fiskaltzak auzipetuei esan zien adostasun batera iritsiko zirela, bai berak bai enpresak baztertuko omen zutelako "talde kriminal" bateko kide izatea egoztea. Hori dela-eta, gaur egin behar zuten prentsaurreko bat Elkartasun Komitetik, albistearen berri emateko. Baina, azkenerako, akordio horri ezetz esan dio promotoreak, eta bere horretan jarraituko du prozesu judizialaren ibilbideak, zigor-eskaera izugarriekin.  

"Marra gorri gisa izendatutakoa gainditu eta enpresak gure kontrako erantzukizun zibilaren eskaera-zigorra irekia uztea erabaki du, hura omen baitu Nafarroako eta Espainiako gobernuengandik 43 milioi euroko kalte-ordaina lortzeko bide bakarra", azaldu dute akusatuek. Aroztegiko obrak eten izanagatik exijitzen du dirutza hori enpresak, 2021ean, landa-eremu horretan gauzatzen hasi nahi zuen makroproiektu txikitzailearen aurka egin baitzuten protesta hainbat eta hainbat pertsonak (tartean orain auzipetuta dauden zazpi lagunek), kanpaldi baten bidez.

Esan bezala, datorren astelehenean ekingo diote epaiketari, Nafarroako Justizia Auzitegian. Aroztegiko Elkartasun Komiteak Iruñera (Nafarroa) bertaratzera deitu du, akusatuak babesteko. 56.000 eurotik gorako isunak eta hogei urterainoko espetxe-zigorrak eskatzen dituzte auzipetuentzat.

EZ DAGO IRUZKINIK
OSZAR »