Hainbat hedabidek atzo jakinarazi zuten, Mediterraneo itsasoan, 54 pertsona erreskatatu zituela Open Arms Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Petrolio-plataforma batean zeuden harrapaturik, han igaro behar izan baitzituzten hiru egun, itsasoan galdu ostean. Dirudienez, bost egun lehenago irten ziren Libiatik, baina Europako kostaldera iritsi aurretik galdu zen migratzeko erabiltzen ari ziren txalupa pneumatikoa.
54 lagun horien artean zeuden gutxienez hiru ume, tartean, abandonatutako petrolio-plataforman bertan jaiotako haurtxo bat. Italia hegoaldeko Lampedusa irlara eraman zituzten erreskatatutako pertsonak.
Acnurrek emandako datuen arabera, azken hamar urteetan, Afrikatik Europara migratzen saiatu diren gutxienez 34.000 pertsona hil edo desagertu dira Mediterraneoan. Ohartarazten du, dena den, hurbilpen bat baino ez dela datu hori, eta askoz ere altuagoa izan daitekeela kopuru erreala.